Aiarako gazte batek eraso homofoboa pairatu zuen atzo gauean Amurrion. Ertzaintzak Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dionez, gaueko hamarrak aldera jazo zen gertaera. Gazteak salaketa jarri du eta polizia gertatutakoa ikertzen ari da.
Zenbait komunikabide eta eragilek zabaldu dutenez, gazteak 22 urte ditu, eta kuadrilla batek jipoitu zuen, 'maricón' oihuen artean.
Adierazpen instituzionalak
Aiara zein Amurrioko Udalek adierazpen instituzionalak plazaratu dituzte gertatutakoa salatzeko. “Gaitzespen irmoena” plazaratu dute bi erakundeek, eta elkartasuna adierazi nahi izan diote erasoa jasan duen gazteari eta bere ingurukoei.
“Pertsona baten askatasuna horrela moztea guztiz onartezina da. Horrelako gorroto-delituek ez dute lekurik Aiaran”, salatu du Aiarako Udalak, eta nabarmendu du gizarte osoaren erantzunkizuna dela mota horretako erasoen aurka borrokatzea. Antzeko hitzak erabili ditu Amurrioko Udalak ere. Bi erakundeek erasotuaren esku jarri dituzte udal baliabide guztiak.
Elkarretaratzea, bihar
Gertatutakoa salatzeko bost minutuko elkarretaratzea egingo da bihar 18:00etan Amurrioko Juan Urrutia plazan. Tokiko erakundeak bertaratzeko gonbita luzatu die herritar guztiei.
Ordu erdi lehenago agerraldia egingo dute Aiaraldeko Mugimendu Feministak eta Amurrioko Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak parkean:
Amurrion emandako erasoa irmoki salatuko dugu bihar:
— OTSEMEAK! (@Otsemeak) August 13, 2021
AGERRALDIA PARKEAN!
LGTBI kolektiboaren aurkako erasorik ez dugu onartuko gure herrian! Babes osoa erasotua izandako pertsonari eta bere ingurukoei. Zuekin gaude.
ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE! pic.twitter.com/0WNof29sUA
Zenbait alderdi eta eragile politikok ere salatu dute gertatutakoa:
EAJ-PNVk #Amurrion gazte batek bart jasandako gorroto-delitua arbuiatzeko eta gaitzesteko adierazpen instituzionala sinatu du.
— Amurrioko EAJ-PNV (@AmurriokoEAJPNV) August 13, 2021
Herritarrei dei egiten diegu gorroto-delitu horiek gaitzesteko bost minutuko kontzentrazioa egin dezaten bihar, 18:00etan, Juan Urrutia plazan. pic.twitter.com/aomd7A4FCu
22 urteko gazte bat jipoitu dute Amurrion 'maricón' oihuen artean. Beste eraso homofobo bat gurean, Euskal Herrian, oraingoan etxean.
— EH Bildu Amurrio (@EHBilduAmurrio) August 13, 2021
Gazteari gure elkartasuna adierazi eta mobilizazio ezberdinetan parte hartzeko deia egin nahi diegu herritarrei.
Erasorik ez erantzunik gabe!“Eskalada LGTBI+fobikoa” Araban
Ikusgunek ere oharra plazaratu du erasoa dela eta. LGTBI+fobiaren aurkako behatokitik “babes osoa” helarazi nahi izan diote erasoa salatu duen gazteari. Era berean, “besarkada handi bat” luzatu diete “Aiaraldeko disidente sexu-generiko guztiei”, horrelako erasoek bilatzen dutena “LGTBI+ kolektibo osoari mezu bat bidaltzea” dela iritzita.
Behatokiak “eskalada LGTBI+fobiko” gisa sailkatu du azken asteetan jazotakoa. Eragileak daraman zenbaketaren arabera, Araban 14 eraso LGTBI+fobiko egon dira maiatzetik uztailera bitartean, gutxienez. “Lehenengo ondorioa argia da: LGTBI+fobia herri txikienetatik, hiri handienetaraino iristen da, kaleetan, baina baita familian edo lantokietan ere, gauez edo egunez gerta daiteke”.
Horren aurrean, LGTBI+ kolektiboak eginiko borroka goraipatu dute Ikusguneko kideek, espazio asko konkistatzea lortu duela argudiatuta. “Konkista horien aurrean, bada atzera eginarazi nahi digunik, horretarako beharrezkoak diren tresna guztiak erabiliz, indarkeria barne”. Gauzak hala, borrokan jarraitzeko deia luzatu dute, egon daitezkeen erasoei “adi” egoteko eskaerarekin batera. Behatokiaren kontaktuak gogorarazi dituzte horrelako erasoak salatzeko:
- 633 309 653 telefonoaren bitartez.
- Online salaketa: www.ikusgune.eus webgunean.
Eraso homofoboen gorakada
Azken hilabeteetan eraso homofobo ugari salatu dira Euskal Herrian zein Espainiako Estatuan. Kasurik sonatuena uztailaren hasierakoa izan zen, Coruñan, hainbat pertsonak Samuel Luiz gaztea jipoitu eta erahil zutenean. Mobilizazio jendetsu andana egin ziren erailketa salatzeko.
Hilabete bat lehenago, antzeko talde eraso bat pairatu zuen Ekain Perrino gazte basauriarrak. Geuria.eus komunikabideak gertatutakoari buruzko elkarrizketa egin zion:
Azken asteetan beste hainbat kasu salatu dira Euskal Herrian. Eraso homofoboak salatu zituzten uztailean Bilbo zein Donostin. Zornotzan ere eraso matxista eta homofoboa jasan zuten bi gaztek hilabete berean, eta Lizarrako garraio publikoan ere mota bereko beste eraso bat gertatu zen. Uztailaren 22an, aldiz, eraso transfoboa izan zuen Gasteizen 64 urteko emakume batek eta handik egun batzuetara beste eraso bat egon zen Abetxuko auzoan. Sarrian, aldiz, pintada homofoboak agertu ziren, zabuetan eta herriko iragarki taulan.
Gorroto delituak Aiaraldean
Iaz 7 gorroto delitu salatu ziren guztira Aiaraldean, eta horietako bost Amurrion jazo ziren. Hala jasotzen du Ertzaintzak plazaratutako memoriak.
Hala ere, dokumentuak ez du zehazten delitu horiek zein motatakoak izan ziren, “herri txikietan delitu horiek jasan dituzten pertsonek biktimizazio bikoitza jasan dezaketelako”.
Dena den, lurralde historikoen araberako datuak badaude eskura. Datu horien arabera, sexu orientazio edo identitatearen aurkako 5 eraso salatu ziren iaz Araban, 25 Bizkaian eta 20 Gipuzkoan: