Saratxoko obren azken ekintzek saihesbidearen proiektua are gehiago okertzen dutela azaldu du Orain Amurriok. Udal taldeak oharra plazaratu du Saratxoko bizilagunek eta Administrazio Batzarrak adierazitako kexekin eta "frustrazio-sentimenduarekin" bat eginez.
A-625 errepideko lanek hasieratik eragindako arazoei, desjabetutako lur-azaleraren handitzea gehitu zaiola azaldu du udal taldeak. Bi dira jarri dituzten adibideak: Dani Berria jatetxeko aparkaleku bat kendu izana eta "Los Mesones" baserriari eragingo dizkioten kalteak. Jatetxeko jabearen kexak bere egin ditu Orain Amurriok: "zertarako balio dute Amurrioko Udalak 2015ean emandako emakume ekintzailearen sariak, gero negozioaren bideragarritasunari kalte nabarmena egiten dioten erabakien aurka neurririk hartzen ez badira. Instituzioek Aiaraldearen alde egiten dituzten adierazpenek zertarako balio dute, gero ez bazaigu kontuan hartzen?"
"Los Mesones" baserriari dagokionean Orain Amurriok gogorarazi du baserria udalerriko ondare izendatuta dagoela, eta, ondorioz, udalari dagokiola honen osotasuna errespetatzea, Arabako Ondare Historikoko eta Arkitektonikoko zerbitzuak agindu bezala. Saihesbideko lanek, ordea, eragin zuzena izango dute Saratxoko baserrian: "Errepidearekin muga egiten duen horma bota eta bazterbidea ia sukalderaino sartu nahi dute, azken honi 1,8 m inguruko zabalera neurrigabea emanez, gero zubiaren inbutura iristeko". Hori dela eta duela 60 urte landatutako intxaurrondoak bota beharko dituzte, eta "Los Mesones", Ibarrolako baserria bezala, errepidearen azpitik geratuko da.
Administrazio Batzarreko lehendakari den Lurdes Cuadraren kritikak ere izenpetu ditu Orain Amurriok. Honek zera adierazi du: "ez digute jaramon handirik edo bat ere ez egiten auzotarren, auzokoen edo Batzarraren esanei, guk ezagutzen baititugu hobekien lurraldea eta lurraldearekiko eraginak. Paperean basatia zen, baina eraikuntzaren errealitateak hasierako planoak gainditzen ditu. Badirudi gurekiko batzarrak protokolarioak baino ez direla eta eskakizunei ezentzuna egiten zaie behin eta berriro."
Udal Gobernuari eskaera
Hori dela eta Orain Amurriok ekimen bat aurkeztu dio EAJk osatzen duen Udal Gobernuari, Arabako Foru Aldundiko Errepide Sailari eska diezaion Saratxoko bizilagunen kexak kontuan hartzea.
Orain Amurriok azpimarratu du beti egon dela gaur egungo saihesbidearen proiektuaren kontra, A-625 errepideko bide-segurtasuna hobetzeko proiektu alternatiboak zeudela ulertuta: "Guztiz bat gatoz zuen kritikarekin eta frustrazio-sentimenduarekin, batez ere alternatiba iraunkorrago bat zegoelako (proiektatutako 78.651 m²-etatik, proiektu alternatiboaren 26.951 m²-etara igarotzea proposatzen zuenak) eta, beraz, ekonomian, gizartean eta ingurumenean eragin askoz txikiagoa zuelako. Baliabide gutxiago xahutuz, premietara bideratu ahal izateko, adibidez, osasun-, gizarte- eta ekonomia-premietara, beti izaten baitira hain beharrezkoak."