Tubos Reunidosek Trapagarango altzairutegia itxi eta Amurriora ekarriko du azpiegitura, bidean enplegua suntsituz

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko ira. 2a, 19:07

Amurriora ekarriko du Tubos Reunidos taldeak Trapagarango altzairutegia. / Aiaraldea.eus

Plan Industriala aurkeztu du gaur Tubos Reunidos taldeak. Ezkerraldeako eta Nafarroako altzairutegi eta fabrikak itxi eta Amurriora ekarriko du azpiegitura. Horrek enplegu suntsiketa eragingo duela salatu dute sindikatuek.

Plan Industrial berria aurkeztu du Tubos Reunidosek. Langileen ordezkariekin bilera arratsalderako zehaztuta zegoen arren, beharginek prentsan filtratutako informazioaren bidez ezagutu dituzte taldearen asmoak: Tubos Reunidosek Trapagarango altzairutegia eta Iruñeko planta itxi eta Amurriora ekarriko ditu bertako azpiegiturak eta plantillaren zati bat. Enpresak altzairutegiaren lekualdaketak "eragin soziala izango duten kaleratzerik" ekarriko ez duela adierazi du. Amurrion abiaraziko den altzairutegi berriak deskarbonizazioa eta produkzioaren modernizazioa helburu dituela azaldu du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak.

Baina, sindikatuen iritziz, industria planak enplegu suntsiketa eragingo du.

Tubos Reunidosek 112,8 milioi euroko laguntza publikoa eskatu zion SEPIri

Horrela adierazi du ohar bidez LAB sindikatuak, eta azpimarratu du diru publikoa baliatuko duela Tubos Reunidosek enplegu suntsiketa hori gauzatzeko. Enpresak 112,8 milioi euroko laguntza publikoa eskatu zion SEPIri. Diru hori enplegua suntsitzeko erabiliko denaren susmoa dutenez, LAB eta ESK sindikatuek enplegua eta  lan-baldintzak mantentzeko klausula negoziatzeko eskatu zioten zuzendaritzari, baina honek uko egin zion horri.

Gaur zabaldutako informazioak sindikatuen susmo eta beldurrak baieztatu ditu. "112,8 milioi euroko saria ematen zaie enplegua suntsitzen jarrai dezaten, pobrezia sortuz, haiek poltsikoak gizentzen dituzten bitartean" azaldu du LABek. Sindikatu abertzaleak adierazi du aurkeztutako neurriek Euskal Herriko eskualde zigortuenetako bat den Ezkerraldearen desindustrializazioan sakondu besterik egiten ez dutela. Gogorarazi du ere Tubos Reunidos 2018an saiatu zela Trapagaraneko altzairutegia ixten, eta langileen borrokak geldiarazi egin zuela prozesua.

Bide berdinetik jo du ELAko atal sindikalak, eta gaitzetsi egin ditu enpresaren asmoak: "ELAk uko egiten dio Enpresa Zuzendaritzak planteatutakoari. Planak ez du bermatzen zuzeneko eta zeharkako enplegua, altzairutegiaren etorkizuna ere kolokan jarriz. Era berean, enpresaren erabaki horrekin beste urrats bat eman da Ezkerraldea desindustrializatzeko prozesuan".

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide