Ezustea izan ez bada ere, Tubos Reunidos taldeak ofizialki baieztatu dio Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari 112,8 milioi euroko mailegua emango diola SEPIk.
Akziodunen batzarrean aurreratu zuen hori zuzendaritzak uztailaren hasieran eta jadanik ofiziala egin da operazioa.
Albisteak harrera ona izan du merkatuan eta akzioek gora egin dute %15ean. 2020an 101,3 milioi euroko galerak aitortu ostean, taldearen balioa poltsan nabarmen igo da aurten, iazkoa bikoiztuta.
SEPIren laguntza pandemiaren testuinguruan eskatu arren, Tubos Reunidosen egoera larria zen aspaldi eta 2020an zor metatua 350 milioi eurora heltzen zen. Hain zuzen, zor horren egituraketa berria eskatu behar izan zuen enpresak aurrera jarraitzeko, Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedienteak bata bestearen atzetik eskatzen zituen bitartean.
Sindikatuen aburuz, zulo ekonomikoaren iturburua 2007an eskatutako 170 milioi euroko kredituan dago. Ustez, diru hori beste enpresa baten erosketarako baliatu behar zuten, baina azkenean akziodunen artean banatu zen, langile antolakundeen arabera.