5 urte bete ditu Laia Eskolak. Arabako emakumeen ahalduntzerako egitasmoa da Laia, eta dozenaka jarduera antolatu ditu horri begira 2016tik hona lurralde historiko osoan zehar, baita Aiaraldean ere.
Goiz osoko egitaraua egin zuten atzo Amurrion, orain arte egindako lana balioan jarri eta aurrera begira indarrak hartzeko. Ekitaldi instituzionalarekin eman zioten hasiera egunari, Amurrio Antzokian. Bertan azaldu zuten egitasmoak hemendik aurrera izango dituen berrikuntzak. Izan ere, aurrerantzean LAIA Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Arabako Lurralde Sarea izango da egitasmoaren izena, eta webgune zein logo berriak estreinatu dituzte, besteak beste.
Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusia bertaratu zen ekitaldira, beste hainbat ordezkari instituzionalekin batera. “Eskolak izaera integratzailea du Araba parekide eta justu baten aldeko borroka feministan", azaldu zuen ekitaldian Encina Castresanak, Aiarako Kuadrillako presidenteak, "LAIA bezalako sareak funtsezkoak dira egiturazko arazo bati, desberdintasunari, erantzun kolektiboa eta antolatua emateko".
Ondoren, belaunaldien arteko mahai-ingurua burutu zen, Begoña Etayo, Mari Carmen Rodriguez eta Paula Fernandezen parte hartzearekin. San Anton plazan jarraitu zuen ospakizunak, hip-hop festarekin. Las Ninyas del Corro, Elvirus, Janire Duarte eta Lara Peman igo ziren oholtzara, eta La Furia arduratu zen aurkezle lanak egiteaz.
Argazkiak: Arabako Foru Aldundia eta Laia