Ertzaintzaren aurka herrian agertutako pintaketak gaitzetsi ditu Amurrioko EAJk

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko ira. 13a, 18:12

Brigada Mugikorreko agenteek larunbat gauean bi gazte identifikatu eta isundu ondoren, Ertzaintzaren aurkako hainbat pintaketa agertu dira Amurrion. EAJk gaitzetsi egin ditu ekintza hauek, polizia agenteak "gizalegearen aurkako eta elkartasunik gabeko jarrerak kontrolatzen saiatzen diren pertsonak" direla defendatuta.

Larunbatean Ertzaintzaren Brigada Mugikorra bertaratu zen Amurrioko Parkera, hainbat bizilagunen deiak jaso ostean. Ertzaintzak berak zabaldutako ohar batean azaldu zutenez, bertan bildutako gazteei musika kentzeko eskatu ostean, gazte talde bat polizia agenteak iraintzen eta kristalezko botilekin erasotzen hasi zen.

Agenteek 17 eta 18 urteko bi gazte identifikatu zituzten, eta maskara jarrita ez eramateagatik isundu zituzten. Gainera, adinez nagusiari desobedientzia delitua ere egotzi zioten, Ertzaintzaren arabera, identifikatzeari uko egin ziolako.

Pintaketak Amurrion

Gertaeren biharamunean Ertzaintzaren aurkako hainbat pintaketa azaldu ziren herrian, "Vacuna de la rabia para la zipaiada" edo "Zipaioak parketik, kanpora!" bezalako mezuekin. Amurrioko EAJk gogor gaitzetsi ditu pintaketa hauek.

"Une erabakigarrian gaude, eta beharrezkoa da ezarritako neurriak eta gomendioak betetzen direla bermatzen jarraitzea, COVID-19ren transmisioa geldiarazteko", azaldu dute Amurrioko jeltzaleek. Plazaratutako oharrean, EAJk ulergaitza deritzo "gutxiengo baten gizalegearen aurkako eta elkartasunik gabeko jarrerak kontrolatzen saiatzen diren pertsonak zalantzan jartzea."

Azkenik, pandemia osoan zehar Amurrioko herritarrek erakutsi duten jarrera arduratsua goraipatu nahi izan du EAJk oharrean.

Adierazpen gehiago

PSE-EEko kideek ere bat egin dute jeltzaleen salaketarekin, eta elkartasuna adierazi diete ertzaina guztiei. Ernai gazte antolakundeak, kontrara, EAJren jarrera salatu du, "indarkeria poliziala salatzen duten mezuak" ezabatzea egotzita. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide