Azken hilabetetan herrian ugaritzen ari diren eraso matxistek asaldatuta, isilpean geratutako biolentzia kasu horiek guztiak argitara ateratzeko tresna jarri du mahaigainean Otsemeak Amurrioko Neska* Gazte Taldeak. Eraso horien guztien salaketak jasotzeko galdetegia prestatu dute eta eskualdeko neska gazte guztien eskura jarri dute, isildutakoak argitara ekartzeko helburuarekin.
Galdetegi anonimoa
Otsemeaken sare sozialetan dago eskuragarri galdetegia betetzeko esteka. Galdetegia erabat anonimoa da, ez da inolako datu, telefono zenbaki edo helbide-elektronikorik utzi behar, eta azken hori ez da inolaz ere erregistratuta geratuko, salatzailearen anonimotasuna ahal beste babesteko.
“Askotan epaitua izateko beldurra dago salaketa bat ez egitearen atzean. Egia hori zalantzan jarriko ez delako ziurtasuna eman nahi dugu tresna honekin”
Hainbat galderak osatzen dute salaketak biltzeko on-line inprimakia, erasoaren nolakotasuna jasotzeko: erasotzailearen adin tartea, erasotzaile kopurua, non eta noiz jazo den, erasoa dagoeneko judizializatuta dagoen edo ez... Salatzaileak berak erabaki dezake zer kontatu eta zer ez. “Galderak ez dira nahitaez erantzun beher, norberak jartzen ditu azaldu nahi duenaren mugak” adierazi dute talde feministako kideek.
Galdetegiaren bigarren atal batean erasoaren testigantza idazteko aukera dago, eta, salatzaileak horrela nahi izatekotan, testigantza hori publiko egingo luke Otsemeak taldeak, erasoa salatzeko.
Azkenik, babes eta harremanerako bideak ere zabaltzen ditu Amurrioko neska* gazte taldeak abiatutako tresnak: “Kontaktu eta harreman bat jartzen dugu salaketa egin duen pertsonaren eskura, nahi izatekotan taldeko kideokin bildu eta erasoari aurre egiteko aukerak aztertu edota testigantza modu presentzialean konpartitzeko. Bestelako laguntza ere eskaintzen dugu, hala nola arreta psikologikoa gomendatzea eta instituzioek dituzten baliabide desberdinen berri ematea”.
Isilpetik kalera
Egitasmoaren helburua isilpean geratutako eraso horiek guztiak argitara ateratzea da. Horretarako, bildutako salaketa eta testigantzekin dinamika publikoa abiatuko dute, sare sozialak eta kaleko presentzia baliatuz.
Duela bi aste egin zuten publiko dinamika, eta aditzera eman zuten egun berean bi salaketa jaso zituzten dagoeneko. Orain hauek publikoki aditzera ematen hasi dira bitarteko desberdinak baliatuz. “Otsemeak taldeak bere gain hartu du isilpeko eraso hauek taldearen izenean salatzeko ardura, taldeak badituelako norbanako batek ez dituen tresnak. Azken urteetan eraso askoren jakitun izan gara, baina hauek ez dira salatuak izan, inork ez zituelako publikoki salatu nahi, horrelako zailtasunak ohikoak dira prozesu hauetan. Orain Otsemeaken izenean salatzeko aukera zabaldu dugu, bidean egon zitezkeen oztopo batzuk erditik kenduz: guk izan dugu erasoaren berri, guk ditugu datuak eta guk ematen ditugu”.
Salatzailearen ahotsa eta bertsioa jartzen du bozgorailuak erdigunean: “Aldarrikatu nahi dugu salaketa egiten duen neska* gaztearen egia dela balio duena. Askotan epaitua izateko beldurra dago salaketa bat ez egitearen atzean. Egai hori zalantzan jarriko ez denaren ziurtasuna eman nahi dugu baliabide honekin”.
Erasoen normalizazioa
Hasieran aipatu bezala, tresna berri hau ez da ezerezetik sortzen. Izan ere, azken hilabeteetan Amurrion astebururo sortzen den jai-giroaren testuinguruan nabarmen ugaritu egin dira eraso matxistak. “Pandemiaren ondorioz, gazterian sozializatzeko eta barrenak husteko egundoko beharra sortu da. Zoritxarrez hori bideratzeko garatu diren espazioek, normalizatzen ari diren eta batere osasuntsuak ez diren harreman ereduak erreproduzitzen dituzte, oso modu nabarian gainera”.
Otsemeakeko kideek ere euren azaletan bizi izan dituzte egoera horiek guztiak, eta jai giroaz disfrutatzeko eskubidea aldarrikatu dute “Neska* gazteok gauez, jaiez eta gure herriko kaleez gozatu nahi dugu, hauek gureak direlako ere! Ez gatoz gazteriaren kriminalizazio bat egitera eta jai-giro hori salatzera. Kontrara, guk gure espazioa aldarrikatu nahi dugu bertan, guk ere gau horietaz gozatu nahi dugu baina eremu eta espazio askoz osasuntsuago batean”.
Sarea berriro ehuntzen
Ukaezina da pandemiak belaunaldien arteko haustura eragin duela, eta Otsemeakeko kideek ere hori sumatu dute. “Deskonexio eta indibidualismorako joera areagotu egin da, eta neska* gazte asko isolatuak daude. Tresna hau baliagarria izan daiteke herriko neskon arteko aliantzak berriro ere ehuntzeko”.
Despolitizazio egoera orokortu honetan, ezinbestean, belaunaldi gazteek ez dute eraso bat salatzeko talde feministara joateko joera, eta are gutxiago erakundeetara jazotzekoa, prozesua judizializatzekoa edota laguntza psikologikoa eskatzekoa: “Hor eragin nahi dugu tresna berri honekin, autodefentsa feministarako aldarria lehen lerroan jarriz. Azken instantzian, eraso hauek salatuz hauen izaera estrukturala azaleratu nahi dugu, eta ondorioz, kolektiboki erantzutearen beharra azpimarratu. Gu geu antolatu behar gara, ez da inor gu salbatzera etorriko”.
Aurrera begira
Tresnaren sozializazioarekin jarraituko dute orain. Amurrioko ikastetxeetan aurkezpen tailerrak egingo dituzte, herriko ikasleekin hausnarketa bideratu eta tresna bera sakonean lantzeko.
Otsemeak Neska* Gazte Taldeko kideek argi dutena da, ez dutela bozgorailu hau tresna isolatu bezala ulertzen: “Beste dinamika batzuk jarriko ditugu abian. Beti defendatu izan dugun prebentzioan arreta jarri eta gure arteko aliantzak eta sareak eraikitzeko. Aurkeztu dugun azken egitasmo hau testuinguru bortitz eta oso konkretu bati erantzuten dion tresna da; hortik harago eragitea ere badagokigu, eta horretan jartzea lehentasuna”.
Ikasturte hasierarekin batera hasi dira dinamika horiek guztiak pentsatzen eta antolatzen: “Tresna berri honen zabalpenarekin batera zenbait aurkezpen eta autodefentsa feministarako tailer eskaini nahi ditugu”. Urriaren 16an dute jarrita hurrengo mugarria. Asanblada irekia egingo dute Amurrioko Gaztetxean.
“Bizi dugun errealitatea irauli eta eraldatzeko posizionatzen gara”
6 urte herria iraultzen
Aurten sei urte bete ditu Amurrioko Otsemeak Neska* Gazte Taldeak. 2015ean sortu zuten, nagusiki gizonezkoez osatutako Gazte Mugimenduari buelta bat eman eta espazio ez-mistoen beharra aldarrikatzeko, eta Euskal Herrian azken urteetan hedatu egin den olatu feminista berriarekin haziz joan da Otsemeak ere.
Urte hauetan guztietan dozenaka ekimen antolatu dituzte, beti ere neska* gazteen antolakuntza ipar: tailerrak, mobilizazioak, gune kritikoen lanketa, erasoen aurkako protokoloak, muralak, akelarrea...
“Bizi dugun errealitatea irauli eta eraldatzeko posizionatzen gara, konfrontaziotik”. Oinak lokatzetan dituen eragilea da Amurrioko neska* gazteen talde feminista; hanka sartzeetatik ikasiz eta ondo egindakoetatik aurrera eginez, sei urte hauetan Amurrio goitik behera eraldatzeko gaitasuna, erreferentzia eta potentziala bildu dituena.