Ehundik gora langile batu dira gaur Bilboko Maximo Aguirre kalean. Bertan ditu bulegoak Tubos Reunidosek, eta akziodunen batzarra egin dute gaur. Horregatik joan dira bertara enpresa taldeko langileak, zuzendaritzak enplegua suntsitu eta lantegiak itxi nahi dituela salatzeko.
Enpresa talde horrek hainbat lantegi ditu Euskal Herrian, Amurriokoaz gain. Horietako bat da Iruñeko Acecsa. 1970. urtean eskuratu zuen Tubos Reunidosek fabrika hori, eta azpiegitura Amurriora mugitzeko asmoa du orain, beharginek salatu dutenez. Bertako langileak egun osoko lanuztea egin dute atzo eta gaur, eta elkarretaratzera bertaratu dira, fabrika mugitzeak enplegu suntsiketa ekarriko duela salatzeko.
Productos Tubulares lantegiko kideek, aldiz, gaur egin dute egun osoko greba. Ikasturte hasieran iragarri zuen zuzendaritzak Trapagarango altzairutegia ere Amurriora mugitzeko asmoa, eta horrek ere enplegu suntsiketa eragingo du, beharginen ustez.
Horrez gain, bidezko hitzarmen baten aldeko aldarria ere plazaratu dute elkarretaratzean.
Gaur TR taldearen bulegoen aurrean gaude, ACCECSAko eta Productos Tubulareseko lankideekin batera, Iruñako enpresaren itxieraren aurka, PTko altzairutegiaren itxieraren aurka eta bidezko hitzarmen baten alde borrokatzen pic.twitter.com/fMiYm1PXCV
— @lab_tri (@labtri_) October 28, 2021
Argazkiak: Tubos Reunidoseko LABen Sail Sindikala