Chock Dee taldeko borrokalariak pozik itzuli ziren Benidormetik azaroaren 20an. Han aritu ziren Ibai Ruiz, Azkain Menoyo eta Aratz Casado eta guztiek lortu zuten podiumera igotzea.
Ibai Ruiz eta Azkain bigarren izan ziren eta Aratz, aldiz, hirugarren. Menoyo eta Casado gazteentzat debuta izan zen, eta Ibai Ruizek azaldu du esperientzia positiboa izan zutela.
6 aldiz Europako txapeldunaren aurka
Ibai Ruiz amurrioarra, nahiz eta finala galdu, pozik dago egindakoarekin Benidormen. Izan ere, ringean Tiago Santos portugaldarra izan zuen aurrez aurre. Santosek 6 aldiz lortu du WAKO txapelduna izatea Kick Boxing kategorian.
"Horrelako txapelketetan ez dakizu norekin neurtuko zaren. Izan daiteke amateur bat edo puntako kirolaria. Nire kasuan, borrokalari oso ona izan nuen aurkari gisa, eta esperientzia ona izan zen. Ikusi dut bideoa eta uste baino kolpe gutxiago jaso nituen. Argi irabazi ninduen, baina norgehiagoka orekatua izan zen. Azken finean, horrelako lehiaketetan nik nahiago dut jende onarekin borrokatzea, txarra den batekin egiteak ez dizu ekarpenik egiten", argitu du Ruizek.
Tamalez, albiste guztiak ez dira onak izan, eta amurrioarrak mina hartu zuen saihetsean. Horren ondorioz, bertan behera utzi behar izan du abenduaren 18an zuen borroka.