Urteko lehenengo erailketa matxista gertatu da Euskal Herrian. Gizonezko batek Sara Yaregi 38 urteko emaztea labankadaz hil zuen astelehenean, urtarrilaren 10ean. Foruzaingoak eta suhiltzaileek Tuterako (Nafarroa) etxebizitza batean aurkitu zuten Yaregiren hilotza, senideek honen berri larunbatetik ez zutela ohartarazi ostean.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak senarra atxilotzeko agindua eman zuen, eta Bordeletik gertu dagoen herri batean atzeman zuten atzo, urtarrilak 11.
Salaketa irmoa Amurrion
Amurrioko Mugimendu Feministak erailketa matxista deitoratzeko elkarretaratzea egin du gaur Juan Urrutia plazan. Erasoen aurrean erantzuteko prest agertzeaz gain, autodefentsa feministarako deia zabaldu dute.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ere gogor salatu du Tuterako erailketa. Indarkeria matxista "emakumeen gorputzetan gorpuzten den arazo estrukturala" dela azpimarratu dute. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo dute gizarteak aldaketa beharra duela eraso matxista eta sexistekin behingoz amaitzeko.
"Denon artean lortuko dugu. Borroka hau geldiezina da, eta feministok beti izango dugu indarra eta ausardia aurrera egiteko"
"Babestu behar gaituzten joko arauek berriro ere porrot egin dute", adierazi dute Euskal Herri luze zabalean egin diren dozenaka mobilizazioetan irakurri den komunikatuan, eta osasungintza, hezkuntza, eta justizia publiko eta unibertsalaren beharra aldarrikatu dute.
"Denon artean lortuko dugu. Borroka hau geldiezina da, eta feministok beti izango dugu indarra eta ausardia aurrera egiteko, izan direnengatik eta izango direnengatik. Feministok gizarte hobe batean sinisten dugulako - arrazakeria, biolentzia eta gorrotorik gabekoa-, denok bizitza duin bat nahi dugulako, eta horretarako eskubidea aldarrikatzen dugulako...", nabarmendu du Mugimendu Feministak.