Zabaleko Eskolako komunitateak matrikulazioak areagotzeko deia zabaldu du, "itxiera arriskua ez delako amaitu"

Aitor Aspuru Saez 2022ko urt. 13a, 19:59

Zabaleko Eskolako Guraso Elkarteak ekitaldia antolatu du gaur hezkuntza proiektuaren berri emateko eta eskatzeko amurrioarrei euren seme-alabak zentroan matrikulatu ditzaten, itxiera mehatxua ez baitute agortutzat jotzen.

Gaur Katekesi aretoan 30 lagun baino gehiago batu dira Zabaleko Eskolako Guraso Elkarteak deituta. Udal ordezkariak, ikastetxeko langile ohiak, ikasleak eta familiak batu dira hezkuntza proiektuari buruz aritzeko.

Matrikulazioa, ikastetxea irekirik jarraitzeko tresna

Zabaleko Bizirik plataformako kide batek hartu du hitza agerraldian egitasmoaren mamia azaltzeko. Alde batetik, pasa den ikasturtean egindako borroka ekarri du gogora: "Tubacexeko grebaren erdian izan zen dena. Ematen zuen lanpostuak ez ezik, eskola ere galduko genuela Amurrion".

Edonola ere, herri mobilizazioak gelditu zuen ikastetxearen itxiera eta hori hezkuntza komunitatearen arrakastatzat sentitzen dute, ez bakarrik San Jose auzunean edo Amurrion, baita eskualde osoan ere. Zentzu horretan, erantzun kolektiboaren boterea aldarrikatu du plataformak eta deia zabaldu du matrikulazioa areagotzeko: "Hezkuntza Sailak ez du konpromisorik hartu Zabaleko Eskola ez ixteko. Hortaz, matrikula kopurua garrantzitsua da irekirik jarraitu dezan. Matrikulazio kanpaina ez da izango egoera arruntean, jokoan dago ikastetxea".

Langileak, behargin ohiak, ikasleak...

Hezkuntza komunitatea islatuta, irakasle, langile eta ikasle ohiek hartu dute hitza hasieran. Guztiek nabarmendu dute hezkuntza zentroak auzoarekin duen harremana, lotura eta hurbiltasuna. Maite Garaialde irakasle ohiak azpimarratu du eskola txikien abantailak eta Basilio Garciak -14 urtez atezaina izandakoak- eskatu die erakunde publikoei modu egokian kudeatzea bitarteko ekonomikoak: "Zabalekok auzoari eta herriari egiten dien ekarpena ezin da neurtu ekonomikoki".

Veronica, bere garaian ikaslea izandakoa eta orain bere bi seme-alabak ikastetxean dituenak, aipatu du ikasleen eta irakasleen arteko lotura ere oso estua dela.

Eskolaren eskaintzari dagokionez, ikasketa buruek goraipatu dute egokitzapen prozesua ez dagoela mugatua; alegia, ez dutela eteten ume bakoitza eroso sentitu arte ikastetxean. Halaber, gogoratu dute ratio txikiak dituztela eta horrek tartea ematen diela umeei arreta handiagoa emateko.

Ahaztu nahi izan ez duten beste alde bat izan da euskara eta euskal kultura direla proiektuaren oinarria, baina irekirik daudela bestelako kulturei harrera egiteko Hori irudikatzeko, komunitateko hainbat kidek itxi dute ekitaldia, "Zabaleko %100ean" lema oihukatuta hainbat hizkuntzetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide