“LGTBIQ edo sexu-genero aniztasuna gizarteko alor guztietan haragiztatzen da, askotan ikusezin egin duten arren”

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko urt. 25a, 08:46

JULEN EIZAGIRRE (Amurrio, 1994) Lumagorri LGTBIQ+ elkarteko kidea da. ‘Ez normalak ez otzanak’ izeneko erakusketa aurkeztu du, sexu-genero aniztasuna eta gaur arteko borrokak sozializatzeko.

Lumagorri zisheterosexismoaren aurkako taldeak ekimen berri bat plazaratu duzue: erakusketa. Zer jaso duzue bertan?

Erakusketa honen helburua sexu-genero aniztasun edo disidentziara hurbilpen bat egitea da: kontzeptuak argitu  eta  errepresio zein borrokaren memoria ariketa bat proposatzea bisitariari. Era berean, normaltzat eta “naturaltzat” ditugun generoa eta sexualitatea ulertzeko eta kudeatzeko erak, ez direla berdinak izan historian zehar azaldu nahi dugu; eta gizarte ez mendebaldarrek beste sexu-genero sistemak izan dituztela erakutsi. 

“Normaltzat dugun hori deseraikitzea askatzailea da  beti”

"Ez normalak ez otzanak" du izena lanak. Zein da zabaldu nahi duzuen mezua? 

Askotan arautik kanpo jartzen da lupa, ez arauan bertan. Zisheteroarautik kanpo dauden desio, identitate, gorputz zein bizimoduekiko “tolerantzia” edo integrazioaz  aritzea baino, disidentzia hauek arrakalatzen duten araua ezabaian jarri nahi izan dugu.  Bestalde, erakusketaren bidez,  LGTBIQ+ borroka aldarrikatu eta honek gizarte eraldaketan  izan eta duen  lekua aitortu nahi izan dugu. 

Gorputz, desio eta identitate anitzak normalizatzeko ekimena da erakusketa, beraz?

Nomalizazioa baino, normatik at dagoen horretatik, norma zein normalitatea zalantzan jartzea da helburua.  Sexu, genero zein desioak erregulatu dituzten  arauak aldakorrak izan dira egungo eta iraganeko gizarteetan. Norma orok beti du disidentzia bat, eta hori ikusarazi nahi izan dugu.  Beste alde batetik, gaur egun, LGTBIQ+ edo sexu-genero aniztasuna deritzoguna gizarteko alor guztietan haragiztatzen dela  gogorarazi nahi izan dugu, askotan  ikusezin egin duten arren. 

Zisheterosexismoaren aurkako taldea da zuena... Nola egin dakioke aurre horri?

Zisheterosexismoak bizitzaren esparru guztiak  arautzen ditu. Zisheterosexualitatea ez da genero identitate edo sexu orientazio  bat soilik, ideologia bat da, mundu ikuskera bat. Egungo gizarte egituretan errotzen da, eta beste zapalkuntzekin lotzea beharrezkoa da. Sistema kapitalista  honek  zisheterosexualitatea behar du erreproduzitzeko, matxismoa edo arrazismoa behar duen bezainbeste. Produkzio sistema honek  familia eredu bat behar du, adibidez.  Zentzu horretan, saretzea, elkarzaintzea eta gizarte eraldaketan diharduten borrokekin aliantzak egitea beharrezkoa da.  Era berean, egunerokotasuna lubaki bat da, existentzia bera erresistentzia da. 

“Erakusketa honen bidez, LGTBIQ+ borrokak gizarte eraldaketan izan eta duen lekua aitortu nahi izan dugu”

Nola edo zeren bidez ezartzen dira generoa eta desioa sentitzeko zein adierazteko moduak?

Jaio aurretik, neska ala mutila den  esaten den unean, mundura etorriko den gizakia kategorizatzen da.  Araua betetzen duen heinean, pertsona hori saritzen da, eta arautik kanpo dagoena zigortu.  Eskola jazarpena, adibidez, gorputz  identitate eta desio ez normatiboak zuzentzeko era bat da askotan.  Gure inguruko erreferente hegemonikoak ikustea besterik ez dago: aldatuz doazen arren, bide zuzen eta okerra oraindik  argi erakusten dute.  Tentazioen Irlatik  futbolera, gizarte patriarkal eta zisheteronormatiboak bere araua erreproduzitzen du. Ondorioz, ezin da ahaztu   genero zein desirak normaltzeko dagoen bortizkeria. 

Zentzu horretan, zeintzuk dira LGTBIQ+ kolektibotik erdigunean jartzea ezinbestekotzat jotzen dituzuen aukerak?

Azken hilabeteetan gorroto diskurtsoak ugarituz joan dira, eta honen eskutik erasoak. Faxismoa beti egon da hor, eta azken urteetan irabazitako ikusgarritasunak bere  erantzun erreakzionarioa sortu du. Trans legearekin sortu den eztabaida eta pertsona hauek jasaten ari diren bortizkeria sistematikoa horren isla da.  Zentzu honetan, ikuspegi intersekzionala  beharrezkoa dugu.  Botere harreman eta zapalkuntza oro lotuak daude.  Diskurtso eta praktika dekolonial antifaxistak eta feministak  premiazkoak dira zentzu horretan . 

Ezkutatu baino, zer azaleratzen du LGTBIQ+ kolektiboak, zure ustez?

Marxisten akatsek matrix simulazioa bat dela erakusten duten bezala,  zisheteronormatik  at dauden bizi esperientziek erakusten dute norma ez dela aldaezina.  Askotan  “desbideratutako” edo “akatsdun”  bezala kategorizatuak izan gara; eta zentzu batean, bagara.  Sistemaren erredukzioaren akats bat, ezarritako bidean zidor oker eta askatzaile bat. Arauaren aurrean galdera ikur bat. 

Norma ez da aldaezina. Askotan, desbideratutako edo akatsdun gisa kategorizatuak izan gara, eta zentzu batean bagara: arauaren aurrean galdera ikur bat.

Norbanakoen ahalduntze eta askapenerako, zeintzuk dira gakoak?

Norbanakoak gutxi egin dezake taldea edo kolektibo gabe. Ahalduntzea saretzea dela esango nuke, baita ulertzea gure aurretik ere borroka bat egon dela. Kate luze baten katebegi bat gara. Gure borrokaren genealogia beti da ahaldungarria. Beste alde batetik,  normaltzat dugun hori deseraikitzea askatzailea da  beti. Mugitzen ez denak ez ditu kateak  sentitzen. 

Gasteizko Emakumeen Etxean hasi du bidea zuen lanak. Aiaraldean ikusteko aukerarik izango al da? 

Hori  da,  otsailaren 10a arte bertan egongo da.  Ziurrenik hurrengo hilabeteetan eskualdetik ibiliko da erakusketa. Beraz,  adi ibili. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide