17 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango du Amurrioko Udalak aurten

Txabi Alvarado Bañares 2022ko urt. 28a, 19:21

Epaitegiaren alboko aparkalekua izango da aurtengo proiektu nagusietako bat inbertsioei dagokionez. / Aiaraldea.eus

EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu dute plangintza ekonomikoa. Orain Amurrio abstenitu egin zen bozketan eta EH Bildu aurka lerratu zen. 

Amurrioko Udalak baditu prest 2022rako aurrekontuak. Atzoko Udal Osoko Bilkuran onartu zituzten, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. 17.456.598 euroko plangintza ekonomikoa aurreikusi du tokiko erakundeak. 

Aurrekontuak “pertsonak” jarriko ditu udal politiken erdian, diruaren %53 egongo baita zuzenean herritarrei bideratuta, Txerra Molinuevok nabarmendu duenez. Hiru helburu nabarmendu ditu alkateak: 

  • Pertsona ahulenen ondoan egotea.
  • Kalitatezko zerbitzu publikoei eustea.
  • Udaleko enplegu politikak bultzatzea. 

“Azken 10 urteetako enplegu-partidarik handiena”

Ildo horretan, 330.254 euro bideratuko dituzte familiak zuzenean laguntzera, eta 30.000 euro, aldiz, gazteei alokairua ordaintzen laguntzera. 

Enplegua sustatzeko 514.606 euro erabiliko dituzte (iaz baino 74.597 gehiago). Erantsi dutenez, azken 10 urteetako enplegu partidarik handiena izango da aurtengoa. 

Elkarteei, aurrekontuaren %4,6a

Udal aurrekontuen %4,6a (806.872 euro) udalerriko elkarteen jarduna finantzatzeko baliatuko da, eta diru-partida aurreikusi dute baita Korrikari begira, martxoaren 31n herritik abiatuko baita euskararen aldeko ekimen ibiltaria. Horrez gain, tokiko erakundeak badu Kultura plan estrategikotik eratorritako jarduera ugari aurten egiteko asmoa. 

Inbertsioak

2.902.535 euro  bereiziko dira inbertsioetan, diru guztiaren %16,62. Hauek dira egingo dituzten proiektuak, besteak beste:

  • Epaitegiaren inguruan aparkalekua eraikitzea.
  • Aiara eta Frontoi kaleak oinezkoentzat prestatzea. 
  • Mendiko eta Zabaleko ikastetxe publikoetan eta Haurreskoletan inbertitzea.
  • Kros zirkuitua egokitzea eta tirolina bat jartzea. 
  • Skate park-a eraikitzea. 

Egitasmo horiek “estrategikotzat” jo ditu Molinuevok, “Amurrio eskuragarriago eta atseginagorantz aurrera egiteko”. 

Horrez gain, beste inbertsio hauek ere aurreikusi dituzte:

  • 168.867 euroz lagunduko dira udalerriko Administrazio Batzarrak.
  • 340.000 euro bideratuko dira herritarren zuzeneko partaidetzaren bidez erabakitako ekintzetara. Horrez gain, 240.000 euro erreserbatu dituzte aurrekontu parte-hartzaileen bidez sortutako proposamenak gauzatzera. 
  • 100.000 euro erabiliko dira auzo batzarretan proposatutako jarduerak egiteko.  

Oposizioaren jarrera

Orain Amurrio abstenitu egin zen aurrekontuen bozketan. EH Bilduk, aldiz, aurka bozkatu zuen, hainbat arrazoi argudiatuz. 

Hemen ikusi daiteke plenoa osorik:

Udalak grafiko hauek prestatu ditu plangintza jendarteratzeko:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide