ARGAZKIAK

Osasun zentroko profesionalak eta Amurrioko pertsona nagusiak aurrez aurre

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ots. 3a, 20:43

Amurrioko Pertsona Nagusien Kontseiluak topaketa antolatu du udalerriko osasun zentroko profesionalekin, pandemia garaian bizitako egoera eta lehen arretako gabezien nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko.

Amurrioko Antzokian elkartu dira herriko pertsona nagusiak eta osasun zentroko profesionalak Amurrioko Pertsona Nagusien Kontseiluak antolatutako topaketan. Hitzorduak lehen arretak gaur egun bizi duen egoera mahai-gaineratzea eta pertsona nagusien kezkak argitzea zuen helburu. Dozenaka lagun elkartu dira, Amurrioko Osasun Zentroko errealitatea bertatik bertara ezagutzeko asmoz.

Pandemiari aurre eginez

Amurrioko Osasun Zentroko langilek hartu dute hitza aurrena. Udalerriko anbulatorioa eta osasun sistema publikoa nola egituratuta dagoen azaldu dute. Amurrioko zentroak Amurrio, Aiara, Artziniega eta Urduñako herritarrak artatzen ditu, 19.000 lagun baino gehiago orotara. Herritar guzti horiei arreta eskaintzeko 11 familia medikuk, 3 pediatrek, 15 erizain eta erizain laguntzailek, 2 emaginek eta 8 administrarik osatzen dute Aiarako Osasun Unitatea deritzona. Pandemia garaian administrari laguntzaile baten eta 4 erizain eta erizain laguntzaileren errefortzua izan dute.

Lehen pertsonan kontatu dute osasun langileek 2020ko martxotik gaur egunera arte bizitako esperientzia. Hasiera ezjakintasunak markatutako egoera izan zela nabarmendu dute. Bi urteren ostean, aldiz, nekatuta daudela aitortu diete Amurrio Antzokian elkartutakoei.

Indarrean dauden protokoloak ere aletu dituzte. Unean une aldatu egin dira jarraibide horiek, eta hasieran nahasmena sortzen bazen ere, egoera aldakorrera ohitu egin direla adierazi dute osasun langileek. Besteak beste, arreta presentziala mailakatu egin dutela azaldu dute, anbulatorioko itxarongeletan jende pilaketak ekiditeko asmoz.

Kontsulta telefonikoek ere nabarmen egin dute gora azken bi urte hauetan: 2019an 19.609 izan ziren telefono bidezko kontsultak, 2020an 63.814 kontsultara igo zen kopurua eta iaz 59.168 telefono deietan mantendu zen.

Pertsona nagusien kezkak

Antzokian elkartutako pertsona nagusiek ere izan dute euren kezkak, zalantzak eta ekarpenak osasun langileekin elkartrukatzeko aukera. Lan burokratiko asko pazienteen esku geratu izana kritikatu dute, besteak beste. Izan ere, pertsona nagusi askok zailtasunak dituzte Internet bidez moldatzeko. 

Osakidetzako lehen arretan dagoen gainkarga ere azaleratu da gaur arratsaldeko saioan. Gainkarga hori pandemia baino lehen bazegoela azpimarratu dute osasun langileek, COVID-19ak areagotu besterik ez du egin. Azken urtean lan karga %50 handitu dute, eta horrek eragin zuzena du pazienteengan zein osasun profesionalengan.

Osasun langileek hamabostean behin elkartzea proposatu diote Amurrioko Pertsona Nagusien Kontseiluari, urratsak ematen jarraitzeko kalitatezko lehen arreta sistema publiko baten defentsan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide