Martxoaren 4ra arte luzatuko dituzte Tubos Reunidoseko lanuzteak, langileen erosmen ahalmena handitzeko

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ots. 8a, 13:26

Lanuzteetako batean parte hartzen ari diren beharginak, Lan Erreformaren aurka eginiko argazki batean. / ESK

Lanuzteen jarraipena ia erabatekoa izaten ari dela nabarmendu dute sindikatuek. “Zuzendaritzak aitortu egin du mobilizazioek min egin diotela”. 

Mobilizazioek ez dute etenik izango Tubos Reunidos enpresan. Ordubeteko lanuzteak egiteari ekin zioten urtarrilaren amaieran. Ostegun honetara arte iraungo zuen protestak, baina dinamika martxoaren 4ra arte luzatzea erabaki dute sindikatuek, enpresak erantzun positiborik eman ez duela argudiatuta. 

Zuzendaritzak gutun bat bidali zien langileen ordezkariei iragan astean, eskaintza bat mahai gainean jarriz. Enpresak onartu egin zuen lan hitzarmena iraungita dagoen urtetik (2017tik aurrera) Kontsumo Prezio Indizearen igoerak langileen erosmen ahalmenean eragina izan duela, eta prest agertu zen KPIaren igoera hori ordaintzeko, 2017 urtetik 2020 urtera. Baina, sindikatuek nabarmendu dutenez, zuzendaritzak uko egin dio 2021an egondako igoera ere ordaintzeari, urte hori jada igarota dagoen arren. Tubos Reunidoseko buruen aburuz, 2021ko balizko igoera hori “geroago” negoziatu beharko litzateke, behin akordioa sinatuta. 

Funtsean, bi helburu dituzte langileek: Kontsumo Prezioaren Indizearen igoeragatik azken bost urteetan galdu duten dirua berreskuratzea eta lan hitzarmen berria negoziatzea

Sindikatuen ustez, “marra gorria” zeharkatzen du proposamen horrek. ELA, LAB eta ESK sindikatuek oharrak plazaratu dituzte zuzendaritzaren gutuna kritikatu eta KPIaren igoera 2021an ere aplikatu beharko litzatekeela aldarrikatzeko. 

ELA sindikatuak “argi” utzi nahi izan du ez duela onartuko KPIaren igoera hitzarmen berri bat izateko “truke txanpo gisa” erabiltzea. “Zuzendaritzak uko egin zion iaz akordio bat ixteari, eta horrek eragiten du 2021ko atzerapenak ere gehitzea, 2017-2020 aldikoekin batera. Horiek dira bere negoziazio estrategia nergargarriaren ondorioak”. 

LABi “erabat arduragabea” iruditu zaio enpresaren jokatzeko modua. Sindikatuaren aburuz, enpresak ez du 2021ko KPIaren igoera onartu nahi iaz indize horretan egon zen igoera aurreko urteetakoa baino nabarmen handiagoa delako (%6,4). Hala ere, “arazoak areagotu” egingo direla uste du LABek, aurtengo igoera ere antzekoa izango dela aurreikusten delako. 

Antzeko irakurketa plazaratu du ESK sindikatuak, eta nabarmendu du langileek ez diotela enpresari ezer zor, “sakrifizio asko” egin dituztelako jada lan hitzarmena berritu gabe egon den urteetan. “Gugatik izango balitz askoz gehiago borrokatuko genuke, baina adostasunaren alde egin dugu, alde guztiek amore emanez, eta uste dugu hori gutxi baloratzen ari dela”. 

Lanuzteen jarraipena, “ia erabatekoa”

Horregatik guztiagatik erabaki dute sindikatuek lanuzteekin jarraitzea. Nabarmendu dutenez, paroen jarraipena “ia erabatekoa” izaten ari da, eta enpresak aitortu egin du mobilizazio horiek mina egiten ari diotela ekonomikoki. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide