Lanuzteak egiten hasi dira Tubos Reunidosen, lan hitzarmenaren defentsan

Txabi Alvarado Bañares 2022ko urt. 27a, 14:31

Gaueko txandako beharginak izan dira mobilizatzen lehenak.

Hiru astez luzatuko dituzte protestak, ordubeteko lanuzteak tartekatuta.

Lanuzteak egiteari ekin diote Tubos Reunidoseko langileek, lan hitzarmenaren defentsan. Ordubetez uzten ari diote lan egiteari txanda bakoitzeko, eta hiru astez luzatuko dute protesta.

Hau da lanuzteen egutegia, txandaren arabera:

Gaueko txanda
00:00etatik 1:00etara utzi zioten lan egiteari asteartean eta gaur (osteguna); eta berdina egingo dute otsailaren 1, 3, 8 eta 10ean. 

Goizeko eta arratsaldeko txandak
Atzo (asteazkena) mobilizatu ziren goizeko eta arratsaldeko beharginak. Bihar ere mantenduko dute deialdia, eta baita otsailaren 2, 4, 9 eta 11n ere. 

Goizeko txandakoak, aldiz, 7:00etatik 8:00etara geldituko dira. Eguneko eta arratsaldeko txandetan daudenek, berriz, 15:00etatik 16:00etara egingo dute elkarretaratzea.

Lan hitzarmena hobetzea helburu

Lan hitzarmenaren egoera dela eta ekin diote langileek mobilizatzeari. 2016tik dago iraungita dokumentu hori, eta zuzendaritzak negoziazioa erabat blokeatu du, sindikatuen arabera. 

Bi gauza dira, funtsean, langileek negoziatu nahi dituztenak: 

  • Lan hitzarmen berria: 5 urte daramatza blokeatuta guztira. 
  • Hitzarmenik gabe egon diren bost urteetan eman beharko litzatekeen soldata igoera: Langileen ordezkariek defendatzen dute igoera hori Kontsumoaren Prezio Indizearen (KPI) araberakoa izan behar dela, beharginek erosmen ahalmenik galdu ez dezaten. Enpresak, bere aldetik, uste du balizko igoera hori enpresaren emaitza ekonomikoen araberakoa izan beharko litzatekeela. 

LABen sail sindikalaren oharra

LABen sail sindikalak positiboki baloratu du mobilizazioak abiatzeko sindikatuen artean lortutako akordioa, zuzendaritzaren aurrean “langile batasuna” indartzeko balioko duelakoan. 

Egoera ezegonkorra lantegian

Egoera ezegonkorra bizi izan da Amurrioko lantegian azken urtean. Enpresak 112 milioi euroko mailegua jaso zuen SEPIren partetik, bere egoera ekonomikoa bideratzeko. Ia aldi berean, akziodunen batzarrak %21,7 igo zituen zuzendaritzako kideen soldatak. 

Udaren amaieran beste albiste garrantzitsu bat plazaratu zen: Tubos Reunidosek Trapagarango altzairutegia itxi eta Amurriora ekarriko zuela bertako azpiegitura, bidean enplegua suntsituz. Hori dela eta, bertako langileak mobilizatzen hasi ziren, eta Amurrioko langile ugari batu zitzaizkien. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide