Amurrio Xake Taldeko kideek ez dute atsedena hartzeko asmorik. Amaitu berri dute Neguko Txapelketa. Iñaki Sasiain, Jose Antonio Suizo, Ruben Pinedo eta Oskar Etxeberria gailendu dira topaketan, eta xake taula bana jaso dute sari moduan.
Norgehiagoka hori amaituta, udaberriko lehiaketa antolatzeari ekin dio xake taldeak. Martxoan egingo dute txapelketa. Zehaztu dutenez, bi modalitate egongo dira.
Lehen kategoria maila ertaina dutenei bideratua egongo da, eta ez du denbora mugarik izango. Zorrotzagoak izango dira bigarren kategorian: erlojua erabiliko da, partidak bost minututan amaitzen direla ziurtatzeko.
Ostegunetan jokatuko dira lehiak, Bañueta gizarte-etxean, 19:30etik 20:30era. “Baina beste edozein lekutan ere egin ahal izango dira, jokalariek hala erabakitzen badute”, argitu dute antolatzaileek.
Izen ematea irekita dago dagoeneko, eta otsailaren 28ra arte luzatuko da. Gizarte Etxean egin daiteke inskripzioa, ostegunetan, 18:00etatik 20:30era bitartean. Edonola ere, xake.amurrio@gmail.com helbidera mezu bat bidaltzea aski da parte hartzeko.
Txapelketak bat egingo du xake taldeak urte hasieran abiatu zuen ikastaroarekin. Ostegunetan egiten dituzte helduentzako saioak, 19:15ak arte.