Iñaki Guaresti Euskal Selekziorako hautatua izan da errepideko txirrindularitzan ere. Hain zuzen, une hauetan Iparralden dago eta 'Essor Basque' lasterketako lehenengo etapa amaitu du. Dena den, kirolaria ez dago oso pozik gaurko emaitzarekin. "Lasterketa utzi behar izan dut, gorputzak ez baitzidan erantzuten. Errepideko lehenengo hitzordua izan da hau eta ez dakit zehazki nola nagoen sasoi aldetik", azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari.
Lehenengo etapa honek 116 kilometro ditu eta Donapaleun izan du irteera eta helmuga. Bihar, ordea, Donazaharren hasiko da proba 14:00etan eta Donibane Garazin amaituko da, 102 kilometroko ibilbidea eginda. Azkenik, Maulen abiatuko da 'Essor Basque' lasterketaren azken etapa eta udalerri berean bukatuko da.
Bihar eta etzi bere errendimendua hobetzeko parada izango du Guarestik. Hala ere, aintzat hartu beharra dago amurrioarrak ez duela denboraldia otsailaren 26ra arte hasiko, Zumaian, bere klubarekin.
Halaber, kontuan hartu behar da Guarestik egin duen denboraldia ziklokrosean: Euskadiko Txapelketan 2. izan zen abenduan eta Espainiakoan, aldiz, 4. urtarrilean.