Antolatzaileen aurreikuspenak gainditu ditu Inuteri Kopak. Jokalari pilo bertaratu dira Refor kirol gunean Quidditchean aritzeko. 'Harry Potter' eleberri seriean asmatutako kirolak jakin-mina sortu du eta jokatzeko interesa zutenekin batera, partidak ikusi nahi zituzten hainbat lagun egon dira zelaian, Amurrioko alkatea, besteak beste.
Master class txikiarekin hasi da egun osoko jarduera. Bertan jokoaren arauak azaldu dituzte ezagutzen ez zituztenentzat. Euskal Herriko zein eskualdeko jokalari berriek eman dute izena eta sortu diren lau taldeetan aritu dira. Berez, ligaxka txikia egin dute eta talde guztiek neurtu dituzte indarrak euren artean.
Quidditcak erakutsi du kontaktu kirola dela, baina giro bikaina gailendu da. Hain zuzen, gaur elkarrekin bazkaldu dute eta bihar ere kanpotik etorritakoekin egongo dira antolatzaileak.