Ehunka emakume* atera dira kalera Amurrion, "zaintzen paradisu artifizialak" erretzera dei eginez

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mar. 8a, 21:26

Manifestazio jendetsua egin du Amurrioko Mugimendu Feministak arratsaldean. Zaintza-lanak jarri dituzte erdigunean, eta bizitzak sostengatzeko ezinbestekoak direla aldarrikatu dute. Hori dela eta, "zaintzaren paradisu artifiziala erre" eta mobilizatzeko deia egin dute.

Ehunka emakume atera dira kalera Amurrion mugimendu feministak deitutako mobilizazioarekin bat eginez. Manifestazio jendetsu batek borobildu du Martxoaren 8rako herrian prestaturiko egitaraua.

Mugimendu Feministak zaintza-lanak jarri nahi izan ditu erdigunean aurtengo Martxoaren 8an

Mugimendu feministak zaintza-lanak jarri nahi izan ditu erdigunean aurtengo Martxoaren 8an. Lan horiek bizitzak sostengatzeko ezinbestekoak direla aldarrikatu dute. Desoreka izugarria dela azpimarratu dute, eta gaineratu dute sistema kapitalistak oinarria duela emakumeek euren bizkarretan hartzen dituzten zaintza-lan ez aitortuetan.

"Sortzen den enplegu pribatua erabat prekarioa da, lan baldintza zalantzagarri eta ziurtasun ezarekin. Lan honen gehiengoa emakume migratu eta arrazializatuek egiten dute. Zaintza sistema publikoan ere, zaintza merkantilizatzeko aukerak biderkatzen eta pribatizaziorako bidea irekitzen ari dira". Hala nabarmendu dute manifestazioaren amaieran egindako hitzartzean, eta aldarrikatu dute zaintzaren ardura kolektiboa izan behar dela. "Zaintza lanak aitortu eta birbanatu nahi ditugu, zaintza-eredu publiko eta komunitario bat garatuz".

Azaldu dutenez, eredu horrek ez du tokirik sistema kapitalistan. Horregatik, "zaintzaren paradisu artifiziala erre" eta "kapitalismo estraktibistarekin amaituko duen jendartea" eraikitzeko deia egin dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide