Otsailaren 25an asanblada burutu zuten Zabaleko Bizirik plataformako kideek, eragilearen etorkizunaz hausnartzeko helburuarekin. Plataformaren nortasun eraldaketa egitea ebatzi zuten bertan. Gauzak hala, Amurrioko Hezkuntza Sarea bezala jardungo dute aurrerantzean. Adierazi dute plataforma Zabaleko Eskolaren defentsarekin lotu izan dela esklusiboki askotan, "bere helburu bakarra hori ez izan arren". Hori dela eta, antolaketa eredu berri honekin, "Amurrioko sare publikoko zentro guztietako eragileei eta erabiltzaileei ahotsa ematea" dute helburu.
San Jose auzoko Zabaleko Eskola ixteko mehatxuak "inoiz baino biziago" jarraitzen duela adierazi dute plataformako kideek
Halaber, ohartarazi dute San Jose auzoko Zabaleko Eskola ixteko mehatxuak "inoiz baino biziago" jarraitzen duela. Izan ere, plataformako kideen hitzetan, hezkuntza-lege berria sinatzeko akordioak arrisku hori areagotzen du: "Proiektu berriak hezkuntza-zerbitzuen pribatizazio-prozesua legitimatu nahi du, ikastetxe pribatuei baliabide publikoak esleituz, eta hori guztia itunpeko hezkuntzaren ereduan ezkutatuta".
Eskola publikoaren defentsa
Amurrioko Hezkuntza Saretik egingo dute eskola publikoaren defentsa aurrerantzean Zabaleko Bizirik Plataformako kideek. Horretarako, Eskola Publikoaz Harro topagunearekin jarri dira harremanetan, eta elkarlana abiatuko dute.
Hurrengo ekintzetara bideratuko du sarearen helburu soziala:
- Hezkuntza publikoaren eredua defendatzea, irakaskuntzaren kalitate-bermatzaile bakar gisa.
- Hezkuntzaren kudeaketa publikoaren aurka gauzatzen den ekintza politiko, sozial edo enpresarial oro salatzea.
- Ikastetxe publikoek gaur egun jasaten duten segregazioari aurre egitea.
- Sektore publikoko zentro, zerbitzu eta langile guztien defentsa babestea.
- Borroka hori defendatzeko interesa duten pertsona eta talde guztien arteko komunikazio-sareak sortzea eta elikatzea.
Borroka honekin identifikatuta sentitzen diren herritar orori zabaldu diote sarean parte hartzeko gonbita.
Zabaleko Bizirik!
2021eko maiatzaren 23an sortu zuten Zabaleko Bizirik plataforma, Hezkuntza Sailak San Jose auzoko Zabaleko eskola txikia itxi eta Amurrioko bi hezkuntza zentro publikoak bateratzeko zuen asmoari erantzuteko. Ikastetxea ez ixteko borroka abiatu zuen orduan Zabalekoko hezkuntza-komunitateak.
Plataformak eragile eta norbanako askoren babesa jaso zuen lehenengo momentutik, eta elkartasun guzti hori eskertu nahi izan dute nortasun aldaketa iragartzeko oharrean: "Hainbat izan dira eskualdean borroka horri babesa eman dioten eta harekin bat egin duten taldeak, eta guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu jasotako babesagatik".