Amurrioko Hezkuntza Publikoaren Sarea plataformak kilometroa izango du aurtengo Korrikan. Elkartean aritzen diren kideek mezua zabaldu dute jendea batu dadin. Hain zuzen, "Amurrioko hezkuntza publikoaren aitortza" bilakatu nahi dute euren espazioa.
Horretarako, interesdunei proposatu diete pankartak eramatea euskal eskola publikoaren aldeko mezuekin. Berez, Zabaleko Bizirik! plataformak Amurrioko Hezkuntza Publikoaren Sarea osatu du beste eragile batzuekin batera, eta horren barruan zabaldu dute deialdia.
Sarearen eskariak testuinguru bikoitza dauka. Alde batetik, Zabaleko Ikastetxea ez ixteko exijentziarekin jarraituko dute. Bestetik, Eusko Legebiltzarrak onartu behar duen hezkuntza akordio berria izango dute jomuga. Mahai gainean dagoen akordioak hautsak harrotu ditu alderdien artean, baina baita hezkuntza komunitatean. Horregatik, ELA, LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuek greba egingo dute martxoaren 25ean.