Maiatzaren 16an Amaurre Ikastetxeak Finlandia, Malta eta Irlandako 22 ikasleri eta 13 irakasleri egingo die ongi etorria. Izan ere, 'Erasmus+' programaren bidez, amurrioarrek espero dute itzultzea jaso duten eskuzabaltasuna Irlandan eta Finlandian.
Gauzak horrela, Leire Robina eta Olaia de Lorenzo irakasleek iragarri dute hezkuntza zentroa hankaz gora jarriko dutela bisitariei euskal dantzak, eskupilota, euskal mitologia edota herri kirolak erakusteko. Berez, 'Erasmus+' egitasmoaren helburua da sakontzea kultura eta hizkuntza gutxituetan. Ikasleak zein irakasleak tokiko familien etxeetan geratuko dira.
Amurrioarrak Finlandian
Urrian Irlanda ezagutu eta gero, martxoan Finlandiara jo zuen Amaurreko ikasle talde batek. Han, zehazki, 7.000 biztanle inguruko herri batean egon ziren, Havjalvatan. Goizetan tokiko ikastetxean egon ziren hango ikasleekin eta Irlanda zein Maltakoekin ere.
Hezkuntza zentroko jarduera moldatu zuten eta ingelesez jaso zituzten klaseak. Aldi berean, euren metodologia ezagutu zuten. "Finlandian pedagogia aitzindaria dute eta ideiak ekarri ditugu", azaldu du Leire Robinak.
Dena den, egonaldiaren alde interesgarriena herriko familiekin bizi izan zuten. Eurekin geratu ziren eta plan ugari prestatu zituzten elkarrekin. "Sky, curling, trineoa, icea skating... Kirol mota pilo praktikatu dituzte" aipatu du Olaia de Lorenzok.
Itsaso izoztua
Dena den, irakasleek bi jarduera goraipatu dituzte bereziki. Alde batetik, Finlandiako ohitura bitxia: saunan sartzea eta jarraian ur izoztuetan murgiltzea. Bestetik, itsaso izoztua ikustera joatea. Horregatik guztiagatik, Amurrioko ikasleek oso harreman berezia garatu dute hango harrera familiekin eta "harremana mantentzen dute", Robinaren hitzetan.
Eramus+, edonoren eskura
Amaurreko irakasleek azpimarratu dute edonork eskatu dezakeela 'Erasmus+' programan parte hartzea. "Irakasle talde batek hartu behar du ardura, beste guztia Europar Batasunak diruz laguntzen du eta". Zentzu horretan, eskualdeko ikastetxe guztiak animatu dituzte horrelako egitasmoak sortu ditzaten.