19. edizioa du aurtengoa Zinegoak jaialdiak. Arte eszenikoen eta zinemaren bidez, homofobia, transfobia eta bifobia salatzea da ekimenaren helburua. Bilbon sortu zen egitasmoa, baina herrika emanaldi ugari antolatzen dituzte; tartean Orozkon, Laudion eta Amurrion. Lehenbiziko bi herrietan -Orozkon eta Laudion- martxoan eta apirilaren hasieran eskaini zituzten saioak.
Amurrion apirilaren 30ean eta maiatzaren 14an izango dira emanaldiak. Datorren larunbatean (apirilak 30) 6 filma labur plazaratuko dituzte: Les filles ne marchent pas seules la nuit, Elsa, 17 minutos con Nora, No deberías, Berak baleki eta To the future, with love.
Maiatzaren 14an, aldiz, filma labur bakarra izango da protagonista, Nos corps sont vos champs de bataille izenekoa.
Saio guztiak doakoak izango dira eta 19:00etan hasiko dira proiekzioak
Antolatzaileek adierazi dutenez, "Zinegoak Hedapena LGTBIQ+ kolektiboari buruzko edukiak jasotzea zailago duten herrietara obrak hurbiltzeko helburuarekin jaio zen, geroz eta filma luze gehiagok baitituzte LGTBIQ+ gai edo protagonistak ardatz zinema komertzialean; baina filma labur eta dokumentaletan ez horrenbeste".