Maiatzaren 22an itzuliko da Arabako Txakolinaren jai handia

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mai. 11a, 17:12

Sei ekoizleren uzta probatzeko aukera egongo da parkean atonduko duten jai-eremuan. / Aiaraldea.eus

Txakolin Egunaren XXIII. edizioa antolatuko dute datorren maiatzaren 22an. Bertan aurkeztuko dituzte Arabako-Txakolina jatorri deitura osatzen duten sei upategiek 2021eko uztaren emaitzak, eta egun osoko egitaraua prestatu dute.

Aurtengoan bai. Maiatzaren 22an Amurrioko Juan Urrutia parkean ospatu ahal izango da Txakolin Egunaren XXIII. edizioa. COVID-19ak agendatik ezabatu zuen jaia 2020an, eta iaz pandemia egoerak baldintzaturiko ekitaldi xumea egin zuten El Refor erretegian.

Aurten ohiko festa giroan aurkeztuko dute Arabako-Txakolina jatorri deitura osatzen duten sei upategiek, 2021eko uztaren emaitza. Upategietako arduradunak pozik azaldu dira lortutako produktuarekin: "urte lehorra izan da, eta mahatsari kostatu egin zaio heltzea, baina azken produktuaren kalitatea oso altua da".

Egun osoko egitaraua

Festa giroak goizetik arratsaldera hartuko ditu Amurrioko kaleak, eta bereziki Amurrioko parkea, hori izango baita egitarauaren erdigunea.

11:30etan, Udalbatza aretoan eskainiko duten ohorezko aurreskuarekin eta 2021eko uztaren aurkezpen ofizialarekin emango diete hasiera jarduerei. Bertan izendatuko dute 2022ko Arabako Txakolinaren enbaxadore berria: Maite Eskarmendi, EITBko kazetaria.

12:00etan txupinazoa jaurti, eta orduan bai, Juan Urrutia Parkean kokatua egongo den jai-barrutiak ateak zabalduko ditu. Arabako zein Euskal Herriko beste lurraldeetako txakolinak dastatzeko aukera egongo da bertan.

Gastronomia eskaintza zabala izango da ere. Ohi bezala Euskolabel zigiludun produktu ugari dastatzeko aukera egongo da: Euskalparrillak sukaldatutako baserriko oilaskoak eta txerri sahieskiak, Izoriako gazta, Burutxaga harategiko odoloste eta txistorra edota Ekotaloren talo ekologikoak.

Elexalde kalean Artisau-produktuen erakusketa eta salmenta atonduko dituzte. Guk eskulturan, ordea,  Arabako txakolinarekin egindako Aiaraldeko Garrafa dastatzea eskainiko dute.

Jai-giroa nagusi

Musikarik ez da faltako. Kalejira desberdinek girotuko dituzte kaleak. 17:00etan, aldiz, Erruki Erromeriak kontzertua eskainiko du parkean, arratsaldeko 19:00ak arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide