Munduko puntako skater eta BMX txirrindulariak egongo dira bihar Amurrioko Bowlaren inaugurazioan

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 20a, 10:50
Atzerritik etorritako talde handi batek probatu du dagoeneko Amurrioko bowl berria. / Andima Errazti

16:00etan eliteko kirolariek erakustaldia egingo dute. Guztiek parte hartzen dute munduko txapelketetan eta euren artean Danny Leon dago, Tokioko Joko Olinpikoetan 9. geratu zen skaterra. Horrez gain, lehiaketa herrikoia eta kontzertuak ere egingo dira.

Amurrioko Bowla larunbatean inauguratuko dute ofizialki eta jai garrantzitsua prestatu dute horretarako. Amurrioko Udalak ekimena lagundu eta finantzatu badu ere, Andima Errazti izan da ekintzak pentsatu dituena eta, bere ustez, "aukera paregabea izango da kirolari profesionalak ikusteko".

Izan ere, Erraztik munduko BMX txirrindulari eta skater apartak gonbidatu ditu: Teresa Fernandez Munduko Txapelduna izan da, eta Ian Ponciano Bermeoko gaztea ere munduko txapelketan aritu da, eta Sergio Layosek ere ibilbide oparoa egin du nazioartean.

Aipatzekoa da ere Danny Leonek frogatuko duela kirol azpiegitura. Madrildarra Tokioko Joko Olinpikoetan egon zen eta 9. postua eskuratu zuen Japonian.

Edonola ere, Erraztik goraipatu du bowl berria jende ororentzat instalatu dela eta, horregatik, lagunarteko lehiaketa herrikoia egingo dute 17:00etatik 21:00ak arte. Horrek "giro ona" sortuko duela uste du amurrioarrak. Ruben Alvarezek egingo ditu esatari lanak.

Behin lehia hori amaituta, Sabin Guarestik kontzertua eskainiko du eta 22:00etan Aiaraldeko Soinu Sistemaren txanda helduko da

Elkartasunerako tartea

Ondo pasatzeaz gain, elkartasuna eta kirola presente izan nahi dute bihar eta horretarako txosna jarriko dute eta kamisetak salgai egongo dira. Batzen den diru guztia Share a bike, share a smile Gobernuz Kanpoko Erakundera bideratuko dute. Talde alemaniarrak herri txiroetara bidaltzen ditu BMX bizikletak, umeentzat.

4 urteko ahalegina

Andima Erraztik aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari bowl berria lortzeko ideia duela 4 urte hasi zela: "Parte hartzerako aurrekontuen deialdian aurkeztu nuen ideia. Une horretan baztertu zen, baina gero diseinua egin nuen enpresa batekin eta Amurrioko Udalak gauzatu du ekimena".

Berez, larunbateko inaugurazioa ofiziala bada ere, jadanik hainbat kirolarik erabili dute azpiegitura berria eta, esaterako, pasa den astean Frantziako Estatutik 30 lagun etorri ziren Amurriora tokia probatzeko. ·"Gogoko izan zuten", ziurtatu du Erraztik.

Erlazionatuak

Skate Parken zaletasuna gora berriz

Aimar Gutierrez Bidarte 2022 mai 04 Aiaraldea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide