SERGIO BALCHADA

“Amurrioko jendeari galdetu diot eta batzuek Bakunin Batailoiko galiziarrak gogoratzen zituzten”

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 26a, 07:00
Sergio Balchada Amurrion bizi da, galiziarra izan arren./ Aiaraldea

SERGIO BALCHADA (1977, Marin) historialaria da eta duela gutxi ‘Galegos no exército de Euzkadi’ liburua argitaratu du. Gerra zibilean Euskadiko Gudarostean borrokatu zirenen galiziarrei buruzkoa da eta larunbatean Agiñigan aurkeztuko du

‘Galegos no exército de Euzkadi’ liburua argitaratu berri duzu, zein da horren sorburua?

Modu nahiko kasualean sortu da. Ni historialaria naiz, baina ez historia garaikidekoa. Edonola ere, ikasketak bukatzen ari nintzela jakin-mina eragin zidan gerra zibila.

Euskadira etorri nintzenean liburu bat irakurtzen ari nintzen, ez dakit zein, baina paragrafo batean aipatzen zen batailoi bat galiziarrez osatuta zegoena. Bere izena Celta Batailoia zen. Ez nekien ezer gaiari buruz eta orduan hasi nintzen ikertzen. 

Liburu gehiago bilatu nituen eta informazio gehiago topatu nuen, adibidez, Bakunin Batailoiari buruz, zeina Amurrion egon zen. Galiziar ugari zegoen unitate horretan.

Non bilatu behar izan duzu informazio eskuratzeko?

Lehenik eta behin, hustutze bibliografikoa egin nuen. Gaiarekin hasi nintzen eta ez nekien asko gerraren eraginari buruz hemen. Testuingurua ezagutu nuen eta hortik aurrera joan nintzen bilketa fintzen. Liburu gutxitan aipatzen dituzte borrokalari galiziarrak, baina baten batean bai. 

Behin hori eginda, artxibategietara jo nuen. Alde batetik, garaiko egunkariak irakurri ditut eta Salamanca, Ávila eta Euskadiko artxibategi historikoak arakatu ditut. Bizkaiko artxibategia eta Koldo Mitxelena liburutegia ere bisitatu ditut.

"Eskualdeko hiru herritarrek esan didate gogoratzen zituztela Bakunin Batailoiko borrokalari galiziarrak"

Horrez gain, elkarrizketak egin nituen. Adibidez, Amurrioko eta Aiaraldeko jendeari galdetu diot, batzuek harremana izan baitzuten Bakunin Batailoiarekin eta, alegia, hiru lagunek esan didate gogoratzen zituztela. Oroitzen zituzten eta azentu galiziarra zutela gogoratu dute.

Gero borrokalarien seme-alabak ere nirekin harremanetan jarri dira eta datuak, informazioa edota argazkiak eman dizkidate.

Zein izan zen borrokalari horien ibilbidea?

Ni zentratu naiz, bereziki, Trintxerpeko auzunean, Pasaian. Garai hartan, XX. Mendearen 20ko hamarkadan hasi ziren marinel galiziarrak heltzen. 30ko hamarkadan, Errepublikarekin, Trintxerpera galiziar andana joan zen lan egitera.

Hain zuzen, Trintxerpe auzunea sortu zen jende hori hartzeko. Bakailaoaren arrantzan aritzeko etorri ziren. Funtsean, bi arrazoiengatik. Alde batetik, PYSBE enpresa hazten ari zen eta tokiko arrantzaleekin ez zituzten lanpostu guztiak betetzen. Bakailaoaren arrantzan adituak ziren pertsonak behar zituzten eta Galizian topatu zituzten.

Bestalde, euskal arrantzaleak hasi ziren kontzientzia soziala garatzen eta espero zuten galiziarrak otzanagoak izatea, baina azkenean kontrako gertatu zen.

Galiziar horietako batzuk Amurriotik igaro ziren.

Bai, Bakunin Batailoia heldu zen Amurriora 1936ko urrian eta kuartela Reforren zuten. Txibiarteko posizioak babesten zituzten eta San Pedro mendiko batailan parte hartu zuten 1936ko abenduan. Maiatzera arte hemen egon ziren eta gero Soillubera bidali zituzten.

"Reforren izan zuen kuartela Bakunin Batailoiak"

Bakunin Batailoiak eta Amurrioko gizarteak talka egin zuten?

Bai, talka handia izan zen. Alegia, eurak CNTkoak ziren, anarkistak. Arreta handia deitu zuten azentu galiziarragatik eta apaizen arropa zutelako jantzita. Gipuzkoako elizetan hartu zuten. Horrez gain, elizkizun parodikoa egin zuten Reforreko liburutegi erlijiosa erretzeko. Erabat deigarria izan zen bere izaera ateo anarkista hori.

Zer gertatu zen eurekin Soillubeko batailaren ostean?

Soillubeko mendia galdu ondoren, Mungian borrokatu ziren, Marurin eta ekainean Bilbora joan ziren, Faxistek eraso zutenean, ez zuten egin bere zonaldetik, baina Burdin Hesiaren defentsa apurtu zenez, Bilbora jo zuten, euren kuartelera. 

Handik Kantabriara joan ziren eta Ontonen borrokatu ziren. Muskizen eliza erre zuten eta udal dokumentazioa kiskaltzen saiatu ziren.

Gero erretiratu ziren Santanderrera eta Santoñako akordioa egiaztatu zenean, 1937ko amaieran, amore eman zuten, Euskadiko Gudarosteko batailoi gehienak bezala. 

"Galdu ostean, deserria, zigorra eta kartzela izan zuten Bakunin Batailoiko kideek"

Batzuek lortu zuten Asturiasera heltzea eta Kataluniara joatea. Horietako batzuek borrokari eutsio zioten gerra amaitu arte. Horren ostean, deserria, kartzela eta zigorrak izan zituzten. 

Vigoko kapitain bat, Amador Garrido, esaterako, Urduñako kontzentrazio esparruan egon zen preso. Harrapatu zuten ihes egiten zuen bitartean itsasontzian eta Urduñara bidali zuten. Hori da daukadan erreferentzia bakarra. Ez dakit zer gertatu zitzaion Urduñan. Nahiko nuke horretan sakontzea, baina ez dut informazio gehiago aurkitu.

Ikerketa abiatzean ideiaren bat egin zenuen eta bestelako errealitate batekin egin zenuen topo?

Ez, agertzen behar zenaren zain nengoen. Ezustea izan zen Celta Batailoiaren berri izatea. Izan ere, Bakuninen galiziar asko zeuden, baina Celta zen erabat galiziarra. Alegia, galiziarrek sortu zuten. ‘Euskadi Roja’ PCEko egunkarian eskatu zuten ikur galiziarra eramatea euren banderan. 

%90 galiziarrak ziren. Besteak ziren errepresiotik ihes egin zuten arabarrak edo gipuzkoarrak. 

Berez, CNTko 6, batailoia zen, baina beste alderdietako jendea ere bazegoen; Izquierda Republicanakoa, PCEkoa, UGTkoa, Juventudes Socialistas Unificadasekoa…

Suposatzen dut batu zirela ez bakarrik ideologiagatik, baizik eta galiziarrak izateagatik.

Liburua argitaratzea ez zaizu erraza izan.

Ez, 2018an bukatu nuen idazten. Hortik aurrera hainbat ate deitu nituen argitaratzeko. Adibidez, argitaletxe galiziar batek interesa zuen, baina urtebeteren ondoren, esan zidaten ezetz.

Galiziako Historia Institutuak ere interesa erakutsi zuen, baina ez nuen zorterik izan. Azkenean Pontevedrako Diputazioak argitaratu du.

Poztasun handia izan zen, 8 urteko ikerketa izan baita. Nik lan bat daukat eta ez dut hau diru truke egin.

Harrera ona izan da?
 
Marinen aurkeztu dut eta jende nahiko joan zen. Ezustea izan zen, asteazken batean izan baitzen arratsaldean eta ez nekien jendeak tartea izango zuen.

Orain ez dakit zehazki nola banatuko den liburua.

Euskadiko Memoria Historikoaren giroan buru-belarri sartuta zaude?

Bai, Lubakikoak elkarteko kidea naiz. Gerra zibilaren birsorkuntza egiten dugu, baina ikertzaile ugari dago eta lanak egiten ditugu gerraren eta borrokalarien informazioa batzeko. Aparte, nik badaukat nire bloga eta gerraren nondik norakoak lantzen ditut, bai Euskadin, zein Aiaraldean. 

"Orain ikertzen ari naiz gerran zer gertatu zen Aiaran"

Eta nola ez, hemen borrokatu ziren galiziarren datuak ere biltzen ditut.

Orain, adibidez, lantzen ari naiz Gerra Zibila Aiarako udalerrian. Soilik Aiara. Urte luzez egon nintzen bizitzen Aiaran eta interesatzen nau. Frontea eta atzeko aldea izan zen eta udalerrian lubaki mordoa dago. Hori ikertzea interesgarria da.

Galiziarra ez dakitenek ere irakur dezakete liburua, ezta?

Bai, galegoa hizkuntza erraza da eta nik uste baietz. Hitz edo esamolderen bat ez badute ulertzen, testuinguruagatik ulertu dezakete.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide