IKER GALARTZA

“Zirkuak gauza asko ematen dizkizu: ezinezkoa zela uste zenuena egitea”

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko mai. 27a, 07:00

Iker Galartza umoregile eta aktorea da Gure Zirkuaren sustatzaileetako bat. / Aiaraldea.eus

IKER GALARTZA (Amezketa, 1977) da ‘Gure Zirkua’ proiektuaren kide eta sortzaileetako bat.  Pailazoa eta aktorea izanik, gertutik jarraitu du magiaren mundua beti, eta euskarazko zirkua amestetik ogibide bilakatzera igaro da. Amurrion izango dira ekainak 5 arte emanaldiak eskaintzen.

Zer da Gure Zirkua?

Magia eskaintzen duen familia bat da Gure Zirkua. Saiatzen gara atontzen, polita jartzen, musikarekin mimatzen… Azken finean, gozatzen. Gozatzeko ez da behar arriskuak hartzea, ez du merezi. Familia batek sortutako magia da, beraz, gurea. Batzuk nekatuta alde egiten dute eta kide berriak etortzen dira, baina oso nukleo sendoa da.

Zenbat lagunek osatzen dute zuen familia sozial eta profesionala?

18 lagun gabiltza. Asteburuetan bikoteak etortzen dira, baina ez beti. Emanaldi bakoitzean 18 mugitzen gara.

‘Gure Zirkua’ sortzea erabaki zenuten duela bost urte. Nolatan?

2017ko urrian bost emanaldi eman genituen, kamioirik gabe. Horrela lortu genuen hesiak eta egurrak margotzea. 2018ko ekainean erosi genuen kamioia, bigarren eskukoa; eta orduantxe hasi ginen ibilian.

“Txikitatik asko ikusi dut zirkua, baina ezinezkoa zela uste nuen… Norekin hitz egin behar da zirkua egiteko? Eta itxaron gabe, sortzea erabaki nuen”

Nolatan otu zitzaizuen euskal zirkua gorpuztea?

Aldaketa garaia zen niretzat, 40 urteko krisialdian nengoen. Lehendik ere, pailazo emanaldiak genituen (urtean 80 bat), eta antzerkiarekin nahikoa nuen. Pailazo bikotea hil zitzaidan, eta aldaketa beharra nuen.  

Txikitatik asko ikusi dut zirkua, baina ezinezkoa zela uste nuen… Norekin hitz egin behar da zirkua egiteko? Eta itxaron gabe, sortzea erabaki nuen. Garai hartan Sevillan (Espainia) egon nintzen Allí abajo telesailean bost urtez, eta soldata hori horretarako erabiltzea erabaki nuen. Lana sortuko zuela banekien, eta azken finean, gure hizkuntzan eta gustatzen zaiguna egiten gaude lanean… non sinatu behar da holako lan bat? Gurasoek zoriontzen gaituzte, umeek gurekin argazkiak atera nahi dituzte…  Oso esker oneko lana da, ni horrela zoriontsua naiz. Ez nuke sinatuko bestelako lanik orain.

Karpa, azpiegitura, artista taldea…  Nola osatzen da halako ekimen bat?

Kide gehienak beste emanaldi batzuetatik ezagutzen nituen. Musikariei, esaterako, zirkuko abenturara batzeko bi gazteren bila nenbilela kontatzean beraiek etorri nahi zutela esan zidaten. Ekain malabaristak ere berak bidali zuen kurrikuluma 17 urte zituenean. Ane Miren ere horrela gehitu zen, Tolosako emanaldi batean laguntzeko eskatu nion,  eta gaur arte. Garazi orain Frantzian dago kable gainean aritzen, eta asko pozten gara (gu utzi gaitu, baina bueltatuko da: gaztea da, eta bizitzan hegan egin behar da).

Euskal Herrian beti egon da zirkuarekin lotura, hortaz. Aukera falta ere?

Bai. Horregatik, jendeak emanaldiak herriz herri egiten ditu, bolo formatuan. Ez da erraza, ordea: Garazik, adibidez, kablea iltzatzeko azpiegitura, aseguruak eta abar behar zituen. Zirkuak baimen guzti horiek lotuta egonkortasuna ematen dizu. Zure piezan soilik jarri behar duzu arreta, eta gozamena da hori.

Pandemiak ere ez du zuek geratzea lortu.

Pandemia garaian Arrasaten egon ginen hilabete eta erdiz. Albisteak eta egoera egun batetik bestera aldatzen zirenez (herrietako mugikortasun mugak eta bar) zirkua bi lekutan finkatzea erabaki genuen.

Zirkuaren munduan euskara erdigunera ekarri duzue.

Euskal Herrian zirkua egiten duen jende asko dago. Emanaldi propioak eta ikuskizunak dituzte, baina karpa edo zirku formatuan ez dago besterik. Gurea erakusleihoa da artista askorentzat zentzu horretan, hortik lantxoak ateratzen zaizkie gero. Gure Zirkuak egonkortasuna ematen die artistei, astero-astero emanaldiak ditugunez, soldata lortzen dugu.

Dena den, buruhaustea ere bada zirkua, baina dena partekatzen dugu taldean: emanaldi proposamenak, Karabanak, kamioia, karpa… Gurea munstro txiki bat da, eta logika baten baitan antolatu behar da dena.

Belaunaldiartekotasuna ere bada zuen ezaugarrietako bat.

Bai. 47-48 urteko artistak ere baditugu, Londresen, Japonian zein Los Angelesen aritu dira zirkua egiten, eta euren ibilbideko azken txanpa norbere herrian egitea ederra da.  Zirkuan lo egiteko zein norbere etxera itzultzeko aukera ematen du horrek, txikia baita Euskal Herria.

Bestetik, gure neska-mutilak ditugu, jolasera datozenak eta emanaldian ateratzen direnak gero: oso ona da beldurrak galtzea, ohitzea eta esperimentatzea. Etxekolanak  egiten zirkuan egoten dira, edo azterketa garaian ikasten…

Ahalduntze prozesu bat eskaintzen du Gure Zirkuak, beraz.

Bai. Ibonen alaba Maddik abestea gogoko du, eta beste pauso bat eman du: orain hasi da aitarekin batera hiru pieza kantatzen. Gero nahi duena egingo du: kazetaria, irakaslea edo iturgina izango da, nahi duena! Baina bitartean goza dezala. Esperientzia ez zaio ahaztuko!

Amurrio izango duzue hurrengo geltoki. Zerekin egingo dute topo ikusleek?

Aurten planteamendua aldatu dugu. Beste zirku batzuek sei urtez bira edo espektakulu bera mantentzen dute. Gure pasio txikia beti berritzea da, berdina eskaintzen dugu baina proposamen desberdin batekin. Azkenean, Gure Zirkuko poz, magia eta esentzia mantendu behar da, baina berritasunak eskaini behar dira. Aurten, dekoratua aldatu dugu.

Eboluzioa bistakoa da gure txiki edo gazteen artean ere. Kontuz ibili behar da, ordea, profesionalizatzearekin: ez dugu hasierako inozentzia, maitakortasuna edo xarma galdu behar.  Era berean, umeei ezin zaie presiorik sartu, segurtasuna eta denbora eman behar diegu. Eta hori guztia, oso polita da.

Eta zer ez dute ikusiko? Karparen inguruan eta atzean zer nolako bizimodu edo lana dago?

Karpan ikusten dena Gure Zirkuaren isla da: hemen elkarbizitza handia dago, dena egiten dugu elkarrekin. Oso erreala da gure zirku bizitza, eta magikoa. Hemen lan handia dago, baserria bezalakoa da: mantenu lan asko dago, entrenamenduak, janaria prestatzea…  Dena den, saiatzen gara asteburuak guretzat ere berezi bilakatzen: ostiral gauean pizza afaldu genuen, eta gaur brokolia. Antolaketa handia dago: astelehen goizetan umeak eskolara eramateko antolatzen gara, edo baten batek medikura joan behar badu…  Lasai-lasai gaudenean ere beti dago zer hobetu.

Gure Zirkuaz gain, udan, tailerrak antolatzen hasi zarete. Bada harrobirik.

Bai. Umeek egin behar dutena jolastea da, esperimentatu eta deskubritzea. Zirkuak gauza asko ematen dizkizu: ezinezkoa zela uste zenuena egitea (kable gainean ibiltzea kasu). Horrek ematen duen konfiantza sekulakoa da. Musika gehitzean, gainera, irudimena lantzen dute, eta musika entzuten ikasi; eta azkenean, gauzak sortzen hasten dira. Eskola askotatik deitzen gaituzte.

Aurtengo denboraldia hasi berri duzue. Nolako uzta dator?

Durangon hasi dugu denboraldia, eta Amurrio izango da bigarren geldialdia. Bizkaian ibiliko gara ondoren, eta abuztuan Orion egotea gustatuko litzaiguke, hilabetez. Udazkenean Nafarroara joango gara, baita Lapurdira ere. Hondarribia, Bortziriak… toki asko ditugu buruan, eta aurten ez bada, hurrengo urtean itzuliko gara.

Iruñerrian, esaterako, bost aste eman genituen iaz, jendetza baitzetorren etengabe. Batzuk euskara soilik entzungo dute Gure Zirkuan, eta horrek euskara gorrotatzetik maitatzera igarotzea eragin lezake, euskara magikoa dela ulertzea.

“Zirkua baserria bezalakoa da: lan eta antolaketa handia dago. Gure Zirkua geratzeko eta aldatzeko etorri da” 

Duela bost urte erabaki zenuen Gure Zirkuaren ametsa betetzea. Hamar urte barru, zer gustatuko litzaizuke bilakatzea?

Porrotxek behin hala esan zidan, ‘Oso ondo, Iker! Baina orain honi eutsi egin behar zaio!’ (barreak).  Gure Zirkua izena horregatik jarri genuen. Biharko egunean, 70 urterekin, berdin-berdin etorriko naiz hona esketxa egiteko eskatzen; edo agian ez didate utziko. Hau geratzeko eta aldatzeko etorri da. Kamioia izorratuko da, baina etorriko da beste bat. Hobetzen jarraituko du, eta gauza asko egiten. 

Gure Zirkua ikustera euskaldunak etortzen dira, baina akaso mundura atera beharko da nozbait, zergatik joango dira trikitilariak Boisera eta Gure Zirkua ez? Gure proiektua ibiltaria da, beraz, zergatik ez!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide