Aste honetan ireki dute A-625 errepidean Saratxoko saihesbideko behin betiko ibilbidea. Amurrio eta Urduña artean dabiltzan autoek ez dute administrazio batzarreko herrigunea zeharkatuko hemendik aurrera.
2021eko uztailean zabaldu zuten saihesbideko lehen zatia, Dani jatetxea eta Saratxoko industriagunea errepide nagusitik kanpo utziz. Oraingo honetan, Saratxoko herrigunea inguratzen duen biaduktua zabaldu dute, La Mueran eraiki berri duten zubira arte. Honekin, saihesbideko trazadura berria dago erabilgarri bere osotasunean.
Hainbat urtez luzatu diren lanak, ordea, ez dira bukatu oraindik. Errepide zaharrean, Saratxon bertan, obrek aurrera jarraitzen dute, eta irailera arte luzatzea aurreikusi dute.
Aurreikusitakoa baino lur gehiago desjabetu eta etxe batzuetan arrakalak eragin dituzte lanek, besteak beste, Saratxoko Administrazio Batzarrak behin baino gehiagotan salatu duenez. Edonola ere, saratxoarrak urte luzez aritu dira borrokan azpiegitura hain handia ez eraikitzeko eta, adibidez, bestelako proiektua aurkeztu zuten lur okupazioa murrizteko.