Mendiko Eskolako hezkuntza komunitateak -zuzendaritzak, guraso elkarteak, irakasleek, haurrek...- mobilizatzeari ekin zion pasa den astean, salatzeko Eusko Jaurlaritzak 3 urteko gela bat ixtea aurreikusi duela hurrengo ikasturtean. Gela bakoitzean sar daitezkeen ume kopurua muturrera eraman eta 23 ikasle sartu nahi dituzte 2022-2023 kurtsoan, eta izena eman duen beste haur bat beste ikastetxe batera bideratu nahi dute, Mendiko Eskolako kideek nabarmendu dutenez.
Berez, Hezkuntza Sailak iragarri du 2023-2024 ikasturtean ikasleen ratioak murriztuko direla gelak ez ixteko, jaiotza datuak jaitsi baitira EAEn. Hortaz, guraso batek honakoa adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari: "Gure beldurra da behin gela hori itxita, lerro berririk ez irekitzea eta bitarteko gutxiago egotea betiko Mendikon. Bestela ez da ulertzen Jaurlaritzaren erabakia".
Gauzak horrela, Mendiko Eskolako komunitateak ekimen berria deitu du eta ekainaren 9an, osteguna, elkarretaratzea egingo dute Juan Urrutia Plazan, 19:00etan.