ANALISIA

Artomañako trenbidea, bereziki arriskutsua edo pribatizazio prozesuaren adierazle?

Aitor Aspuru Saez 2022ko eka. 10a, 20:00

Alvia tren batek izan zuen istripua. / Wikipedia

Pasa den astean tren bat Artomañan bidetik atera eta gero, Aiaraldea Komunikabideak Renfe eta ADIF enpresetako langile batzordeko ordezkari batekin mintzatu da, argitzeko pasarte hori bereziki arriskutsua den. Langilearen ustez, ez da horrela, baina enpresa publikoetan sortzen ari diren kudeaketa arazoek Aiaraldeko tarte horretan ere dute isla.

Maiatzaren 31n tren bat bidetik atera zen Artomañan eta hainbat orduz blokeatuta geratu zen azpiegitura. Aiaraldea Komunikabidea Renfe eta ADIF enpresa publikoetako CCOOko ordezkari sindikal batekin jarri da harremanetan istripuaren nondik norakoak argitzeko, baina momentuz ez dakite gehiegi: "Misterio hutsa da nola igaro ziren bi bagoi arazorik gabe eta nola atera zen hirugarrena. Ez zen ezer larririk gertatu eta bidaiari asko ez ziren ohartu ere egin".

Hala ere, hedabideak galdetu dio tarte hori bereziki arriskutsua ote den. Hainbat urtez toki horretan lan egin ondoren, beharginak argi dauka: "Ez, berez, 2016tik ez zen horrelakorik gertatzen".

Dena den, CCOOko kideak azaldu du bertan islatzen dela enpresa publikoetan gertatzen ari dena: "Pribatizazio prozesua nabaritzen da. ADIFek hainbat lan azpikontratatu du eta enpresa horiek, jakina, ez dute inbertsiorik egiten errentagarriak ez diren tokietan, Artomañan kasu".

Pribatizazioaren eragina ez da soilik Alvia zerbitzuan agertu. Sindikatuek hainbat aldiz salatu dituzte sortzen dituen kalteak, aldiriko zerbitzuan istripuak biderkatu baitira pandemia hasi zenetik.

Horri sindikalistak gehitu dio Renfe eta ADIFen aurrekontuen zati handiena Abiadura Handiko Trena finantzatzera bideratzen dutela. Ondorioz, mantenuak eta aldirikoen zerbitzuek ez dute behar besteko arreta jasotzen. Langile Batzordeko ordezkariak erantsi du egoera surreala dela: "Kasu honetan, Alvia bat aspaldiko bide batetik joateak ez dauka zentzu handirik, tren mota horrek duen potentzia erabiltzea galarazten baitu".

Gainera, Artomañako azpiegitura zaharra denez, bere bihurguneak oso itxiak dira eta egun sortzen den puntako teknologia -trenetan zein trenbidetan- ez du emaitza positiborik uzten zati horretan, berritasun horiek ez baitaude diseinatuta horrelako egoeratan funtzionatzeko, langileak azaldu duenez.

Orografia, aldagai garrantzitsua

Enpresa batzordeko kideak azpimarratzen duen alde nabaria da orografia: "Aldapa horietan eta bihurgune horiekin, askotan trenek ezin dute kargarekin aurrera egin, bereziki neguan, hotzaren ondorioz trenbidea dilatatzen denean. Edonola ere, ohikoenak dira bestelako ezbeharrak, kateren bat apurtzea kasu".

Horrelako ezbeharrek arazo gehigarria dute: "Trenbide-pasagunea ez dago lurperatuta, ondorioz, araudia dela medio, Ertzaintzak erregulatu behar du, derrigorrez, oinezkoen trafikoa. Horrek ere atzeratzen ditu konponketak".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide