Hilabete osoko egitaraua prestatu duzue, LGTB harrotasunaren egunaren testuinguruan. Zer da zehazki pretsaturikoa?
Ekainaren 18an egun osoko egitarau prestatu dugu. Pregoia irakurriko dugu herriko plazan eguerdiko 13:00etan, eta jarraian tabernaz taberna arituko gara. Herri bazkaria egingo dugu parkean, doakoa izango dena, eta arratsalderako ikuskizun desberdinak prestatu ditugu parkean. Alde batetik, Yogurinha Borovak 'Mari, Meri eta Lari' antzezlana eskainiko du, haurrei zuzendua dagoena. Jarraian, gure lagun batzuek Drag Queen Show-a eskainiko dute: 'Haus of Whores'. Eguna amaitzeko, manifestazioa eta musika izango ditugu.
Baina, 18az harago, hilabete osoan bestelako jarduerak ere egingo ditugu: tailerrak, zineforuma, erakusketak...
Nondik dator horrelako egitaraua antolatzeko ideia?
Beti pentsatu izan dugu Amurriok behar zuela horrelako egun bat, LGTB harrotasuna ospatzeko egun eta jarduera batzuk. Urtero komentatzen genuen berdina gure koadrilan. Amurrion ez da inoiz horrelako ezer antolatu. Aurtengo hau ohiz kanpokoa eta eredugarria da, ez bakarrik Amurriorentzako, baizki eta inguruko gainerako herrientzako ere.
Barre artean sortu zen ideia, baina gutxika forma hartzen joan zen, eta antolatzeko adorea bildu genuen. Mugarri garrantzitsua izatea espero dugu.
Aurrekari esanguratsua izango da beraz, eskualdean.
Bai, erabat. Orain arte ez da horrelakorik inoiz ospatu Aiaraldean. Laudion egin izan da inoiz manifestazioren bat, baina egunak ez du inoiz hartu Amurrion aurten hartuko duen dimentsioa. Horren adierazle da, esaterako, Amurrioko Udala bera ere asko inplikatu izana antolakuntzan, aurrekari oso positiboa da.
Nolakoa izan da Udalarekin elkarlana?
Oso elkarlan oparoa izan da. Laguntza izugarria eskaini digu, Guk ere ekarpen handia egin diogu Udalari, batez ere LGTB politikei begira. Sortzen aholkularitzarekin elkarlanean formakuntzak eskaini dizkiegu Amurrioko Udaleko ordezkari politikoei zein teknikariei. Sortzen arduratu da saioak bideratzeaz eta gu gure ikuspuntu pertsonala eskaintzera bertaratu izan gara.
“Izan gay, trans, bisexuala, zuria, beltza, heteroa... pertsona orok du tokia aniztasunean bizitzearen harrotasuna ospatzeko”
Nola sortu zen formakuntza horiek eskaintzeko ideia?
Udalarekin egitaraua prestatzeko elkartzen hasi ginenean, ohartu ginen bazirela gaiari lotutako gabezia ugari. Askok ez zekiten ezta LGTB siglak zer eta nolakoak ziren. Orduan sortu zen formakuntza batzuk eskaintzeko proposamena. Guztira 10 orduko formakuntza izan zen, oso emankorra, zoragarria. Gauza positibo asko atera dira bertatik, eta azpimarratzekoa da Sortzeneko kide diren Sheilak eta Zaloak egindako lana.
Udaleko berdintasun planak ez zuen aintzat hartzen LGTB kolektiboa, nahiko zaharkitua zegoen zentzu horretan. Formakuntzek aldatu beharreko aspektu ugari azaleratu dituzte. Adibidez, herrian eraso LGTBfoborik gertatuz gero ez dago horri erantzuteko protokolorik. Besteak beste, horrelako gauzak planteatu genizkien ordezkari politiko eta teknikariei: nora jo behar dute mota horretako erasoa pairatu duten pertsonek edota hauen gurasoek? Zer informazio eta baliabide eskaintzen ditu Udalak?
Pozik gaude egindako urratsekin, aldaketa igarri dugu Udalean.
Zer espektatiba dituzue ekainaren 18ko hitzorduari begira?
Ez dakigu zenbat jende etorriko den, sentsazioa dugu lagun nahikotxo elkartuko garela. Kopuruak kopuru, etortzen den oro izan dadila giro ona ekartzeko, egindako lan guztia ikusarazteko eta eguneko aldarria lau haizetara zabaltzeko.
Ekintza eta egitarau ugarik egingo dute bat herrian egun berdinean, espero dezagun osagarriak izatea eta batak bestea ez zapaltzea.
Mundu guztiari luzatu nahi diogu gure jaira bertaratzeko deia. Izan gay, trans, bisexuala, zuria, beltza, heteroa... pertsona orok du tokia aniztasunean bizitzearen harrotasuna errespetuz aldarrikatzeko. Adin guztientzako egitaraua da prestaturikoa, ez diogu inori aterik itxiko.
Zein da erdigunean jarri nahi duzuen aldarria?
Herri txikietan dagoen pluraltasuna eta aniztasuna jarri nahi ditugu erdigunean, hiriguneak ez diren lekuetan ere LGTB harrotasuna existitzen dela. Askotan hiri handiekin lotzen dira soilik LGTB eta genero identitate borrokak. Errealitatetik oso urrun dagoen ikuskera da hori, betidanik existitu izan gara marikoiak landa eremuko herri txikietan.
Harrotasun hori beti egon den arren, nekez atera izan da argitara, zokoratua izan da. Horrekin guztiarekin apurtu eta LGTB harrotasuna aldarrikatzera dator prestaturiko egitaraua, gertuko modu batean aldarrikatzera. Ikuspegi anitz batetik genero identitatea, sexualitatea eta abar guzti horiek aldarrikatu eta ospatu nahi ditugu. Izan ere, askotan, horrelako ekintzak gay komunitateari daude zuzenduak ertsiki, guk genero eta arraza perspektiba batetik heldu nahi diogu harrotasunari, inori aterik itxi gabe.
“Genero identitate eta sexu askapen mugimenduak eragin duten paradigma aldaketa sakonaren erantzuna da LGTB kolektiboaren aurkako erasoen gorakada”
Hau da antolatzen duzuen lehenengo ekintza, zein da LGTB komunitatearen egoera Amurrion zein eskualdean?
Orain arte ez gara gure artean antolatu ekinztak egiteko. Amurrioko gaztetxean transfeminismoari buruzko hitzaldi bat eskaini zen duela hilabete batzuk, Otsemeak taldearekin batera. Horretaz gain, ekaineko egitaraua da antolatzen dugun lehenengo gauza. Elkarte bat sortzea proposatu digute, baina goizegi dela uste dugu horrelako erantzukizun bat hartzeko. Izugarri kostatu zaigu gure artean elkartu eta egitarau hau aurrera ateratzea, goazen pausoz pauso.
Amurrion LGTB kolektibo handia dago, elkar ezagutzen dugu eta, askoren artean harreman esturik ez dugun arren, burkidetasun sentimendua orokortua da. Giro ona dago orokorrean.
Beti dago baten bat kaletik txarto begiratzen zaituena, paradoxikoa bada ere pertsona gazteak nagusia nagusiak baino gehiago dira. Askoz jazapren gehiago jasotzen dugu kalean belaunaldi gazteen partetik.
Zergatik uste duzue gertatzen dela hori?
Iraultza baten erdian gaude, horrela azaltzen du genero identitatearen eta queer teoriaren inguruan asko hausnartu duen Paul B. Preciado filosofoak ere. Iraultza orok erantzun kontra-iraultzaile bat dauka, gutxiengoa izan arren, indar nabaria hartzen duena. Horrek azalduko luke zergatik belaunladi berriek oldarkor jokatzen duten LGTB kolektiboarekin, edota zergatik ari den gora egiten eskuin-muturra.
Erantzun minoritarioak dira, genero identitatearekin eta sexu askapen mugimenduarekin bizitzen ari garen paradigma aldaketa guztiaren baitan.
Iaz, 2021ean, LGTB kolektiboaren kontrako eraso ugari salatu ziren, nola bizi izan duzue egoera?
Oso gogorra da, baina aurre egin behar zaie; gaia mugitu eta salatu. Horrelako erasoak jasaten jarraituko dugu, lehen aipatutako kontra-iraultza horren ondorio direlako.
Amurrion ere jazo zen horrelako eraso bat. Inpaktu handia eragin zuen herrian, jendeak pentsatzen zuen horrelakoak ez zirela hemen gertatzen, baina gertatzen dira, ez gaude mehatxu horietaz salbuetsita.
Datu zehatzik gabe bada ere, badirudi behera egin dutela salaketek aurten. Iazko mobilizazio olatuak eragina izan du gizartean nolabait.