Berezia izango da Amurrioko Jaietako aurtengo pregoia, hiru eragileren artean irakurriko dutelako: Nagusilan, Amurrio Trail eta Txirrindulari Kluba. “Azken biek ez zuten pregoilari izateko aukerarik izan zegokien garaian, COVID-19aren pandemiaren ondorioz jaiak bertan behera geratu zirelako, eta horregatik, Nagusilan Amurrioren, 2022ko Urrezko Guk saridunaren, gonbidapena jaso dute une berezi hau elkarrekin bizitzeko”.
Hala azaldu du Udalak ohar baten bidez. Jaiei buruzko hainbat xehetasun ere aurreratu ditu tokiko erakundeak. Zehaztu dutenez, jaietako kontzertu nagusietako batzuk Mendiko Eskolako jolastokian egingo dituzte, eta txosna ere egongo da bertan, Amurrio Trail Taldeak kudeatutakoa. Txosna solidarioa izango da, X Hauskorraren Sindromearen Euskadiko Elkartera bideratuko baitute bertan bildutako dirua.
Musika eskaintza
Udalak apirilean jakinarazi zituen jaietan joko zuten taldeetako batzuk, Celtas Cortos eta Chill Mafia kasu. Orain, baina, beste bi musikari batu dituzte kartelera: La Furia, Betto Snay. DJ eskaintza zabala ere eman dute aditzera: DJ Markelin abuztuaren 12an arituko da Juan Urrutia plazan, 13an DJ Gomiren txanda izango da, 14an Disko Sound 4-rena 16an DJ Rubarena.