Motorrak berotzeari ekin diote Amurrion abuztuko jaiei begira. Euskotarrak kuadrilla da horren adibide. Txupinazo egunean -abuztuak 12- egingo duen bazkariaren nondik norakoak azaldu ditu jai taldeak.
Karrika jatetxean bazkalduko dute gun horretan. 14:30ak aldera joango dira jatera, eta txupinazorako egongo dira bueltan. 120 pertsonentzako tokia egongo da gehienez. Prezioa 26 eurokoa izango da pertsonako, tren bidaia barne hartuta.
Abuztuaren 2a izango da izena emateko azken eguna. Interesdunak karrozak egiten diren tokira joan beharko dira, bazkariko plater nagusia hautatu eta ordainketa egiteko. Horrez gain, Instagram, Facebook edo WhatsApp (671804349) bidez ere jarri daitezke kuadrillarekin harremanetan, informazio gehiago eskuratzeko.
Belaunaldi berriak
“Gogo handiekin” helduko diete Euskotarrak taldeko kideek aurtengo jaiei, 2 urteko etenaldiaren ostean. Indarberrituta itzuliko dira gainera, belaunaldi berriak sartu baitira kuadrillan. “Indartsu datoz, inplikatzeko gogo askorekin eta jaiak kuadrilla baten barruan bizitzeko gogo askorekin”, nabarmendu dute.
Horregatik, helburu nagusi bat zehaztu dute Euskotarrakeko kideek aurtengo jaiei begira: belaunaldi berriek jaiak ezagutzea eta ekintzetan ahalik eta gehien parte hartzea. “Hori baita, azken finean, jaiak aprobetxatzeko modurik onena: jende berria ezagutu eta gozatzea”.