Azken orduko aldaketa egin dute Euskotarrakeko kideek abuztuaren 12ko bazkariaren planteamenduan. Otordua Laudion egitea zen kuadrillaren hasierako plana, baina Amurrion gauzatzea erabaki dute azkenean, "jende askok" hala eskatu duelako. "Batzuetan, beharrezkoa da proposamenak entzutera gelditzea, egiten ari garena zuzena den edo hobetu dezakegun baloratzeko", adierazi dute jai-taldeko kideek sare sozialetan.
Gauzak hala, Frontoi kalean egingo dute azkenean kuadrillaren bazkaria, katering zerbitzua baliatuta. Prezioa 18 eurokoa izango da, hasieran baino 8 euro merkeagoa. Gauzak hala, jada ordaindu dutenei diru kopuru hori itzuliko diete.
Oraindik izena eman ez dutenei, aldiz, "festan parte hartzeko gonbita" luzatu diete. Izena emateko epea luzatu dute horretarako: larunbatera arte -abuztuak 6- egongo da tartea, karrozak egiten diren tokira bertaratuta. Horrez gain, Instagram, Facebook edo WhatsApp (671804349) bidez ere jarri daiteke kuadrillarekin harremanetan, edozein zalantza argitzeko.