Atzo elkartu ziren berriro Megatech konpainiako arduradunak eta sindikatuen ordezkariak eta alde sozialaren balorazioa ez da bat ere positiboa izan. Hain zuzen, enpresa batzordeak gogoratu du duela urtebete eta bederatzi hilabete iraungi zela lan hitzarmena eta konponbidea ez dagoela hurbilago.
Berez, sindikatuek exijitzen dute, besteak beste, erosteko ahalmena ez galtzea -aintzat hartuta azken hilabeteetako prezioen gorakada- eta enpleguaren bermea. Ordea, orain arte ez dute ez bata ez bestearen aldeko erantzun positiborik jaso Megatecheko zuzendaritzaren aldetik.
Mobilizazioak?
20 bileren ondoren, bi aldeek hitzordua izango dute asteartean, irailaren 13an. Sindikatuek adierazi dute prest daudela behar beste batzar egiteko, baina, aldi berean, azpimarratu dute ekainean langileek lanuzteak egiteko hautua hartu zutela irailera begira.
Gainera, enpresa batzordeak goraipatu du barruan duten batasun sindikala, atzo aho batez eman baitzioten ezezkoa Megatecheko proposamenari.