Erasmus+ programaren barruan garatutako 'Save our second language' proiektuari amaiera eman zioten Amaurreko ikasleek iragan astean Maltara egindako bidaian. Duela bi urte Amurrioko ikastetxeak lankidetza abiatu zuen Irlandako, Finlandiako eta Maltako ikastetxeekin, eta, bigarren hizkuntzak ardatz, zubiak eraiki dituzte komunitate desberdinen artean.
Astebete Gudjan
Amaurreko sei ikaslek eta bi irakaslek egin dute bidaia Euskal Herritik. Astebete igaro dute Malta hegoaldeko Gudja herrian. Goizetan eskolara joan dira gainerako herrialdeetako ikasleekin batera. Bertan jarduera desberdinak burutu dituzte, tokiko kultura ezagutzeko, besteak beste. Mediterraneoko uhartea ezagutzeko aukera ere izan dute; hala nola Valletta, Mdina, Marsaxlokk herriak, baita bertako hondartzak eta ingurune naturala ere.
Bi urteko ibilbidea
Maltan bukatu dute bi urtez luzatu den elkarlana. Aurretik, Irlandan eta Finlandian egon ziren Amaurreko LH 5. eta LH 6. mailako ikasleak. Aurtengo maiatzan, ordea, Amurrio bisitatu zuten Malta, Finlandia eta Irlandako ikasleek.
"Gu elkartzearen arrazoi nagusiena izan da, amankomunean dugula hizkuntza gutxitu bat eta kultura propio bat; euskara, gure kasuan. Hortaz, proiektu honen funtsa eta nahia gure hizkuntzak zabaltzea eta ezagutaraztea da teknologia baliatuz, gaitasun digitala garatuz" azaldu dute proiektuaren ordezkari diren irakasleek.