EH Bildu Amurrioko maiatzean ekin zion herriko Etxebizitza Plana garatzeari. Gazteek Amurrion emantzipatzeko dituzten zailtasunei buruzko diagnostiko batekin abiatu zuten plana diseinatzeko prozesua, eta diagnostiko horren emaitzak ekainean plazaratu zituzten. Udalerrian, gutxienez 547 etxebizitza huts zenbatu zituzten diagnostiko horren arabera, etxebizitza guztien %12,6a orotara. Bigarren etxebizitzak, aldiz, 400 inguru ziren EH Bilduren kalkuluen arabera udalerriko etxebizitza guztien %22,9.
Diagnostiko hori esku artean, Etxebizitza Plana diseinatzen jarraitu du azken hilabeteetan koalizio abertzaleak eta zortzi proposamenez osaturiko dokumentua garatu du: "Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko eta etxebizitza duina lortzeko neurriak ezartzeko, bereziki udalerriko gazteenei".
Udal erakunde baten beharra
Planean jasotako proposamenen artean etxebizitzarako bitartekaritza-zerbitzu bat sortzea nabarmendu du EH Bilduk. "Alokairua sustatzeko helburuarekin, alokairuan bizi diren pertsonei aholkuak eta babesa emateko, eta, aldi berean, alokairua sustatzeko eta bitartekaritza-lana egiteko" azaldu dute koaliziotik. Bestelako neurriak ere mahaigaineratu dituzte; hala nola, etxebizitzak alokairura bideratzeko erostea, alokairua erraztuko duten zerga-neurriak ezartzea, alokairuko etxebizitzak birgaitzeko laguntza-lerro bat gaitzea, etxebizitzak konpontzea ondoren alokairu-merkatura ateratzeko edota hutsik dauden etxebizitzak zergapetzea.
Emantzipaziorako laguntza-lerro bat garatzea ere proposatu du EH Bilduk, alokairuaren % 50 diruz lagundu ahal izateko, gehienez 150 euro 18 eta
30 urte bitarteko gazteentzat.
Euskal Eredua jardunaldiak
Etxebizitza Planean jasotako proposamen eta neurriak datorren urriaren 28an aurkeztuko ditu EH Bilduk, Euskal Eredua jardunaldien barruko lehenengo hitzorduan, 18.30etan GUK pasealekua.
AZKEN ORDUKOA
— EH Bildu Amurrio (@EHBilduAmurrio) October 14, 2022
"Euskal eredua Amurrion ere posible da" jardunaldiak aurkezten dizkizuegu! Etxebizitza eskubidea, krisi ekosozialaren erronkak, herri hezitzaileak... Nolakoa da amesten dugun Amurrio?
Gorde datak, zure zain egongo gara eta! #MereziDuzunAmurrio pic.twitter.com/infpdwHdFD
"Euskal Eredua Amurrion ere posible da" lelopean "etorkizuneko herria" amestu eta diseinatzera bideratuak egongo dira hitzaldiak. Besteak beste krisi ekosozialak ekarritako erronkak eta herri hezitzaileen gaia landuko dituzte azaroaren 4ean eta 18an, hurrenez hurren. Jardunaldiei abenduaren 16an emango diete amaiera "Merezi duzun Amurrio" izenburupean egingo duten mahai-inguruan. Urriaren 28koa bezala, hitzordu guztiak 18:30etan egingo dituzte GUK pasealekuan.