ESK sindikatuak oharra zabaldu du argudiatzeko zergatik ez duen bat egin Tubos Reunidos enpresako lan hitzarmen berriko 1. blokearekin. Izan ere, sekzioaren iritziz, negoziazioa abiatu baino lehen zehaztutako baldintzak ez ditu betetzen.
Hain zuzen, ESK-ko helburuak bost ziren eta horitako bi baino ez dira erdietsi; 2010etik behin-behineko langileak finkoak bilakatzea eta errelebu kontratua aktibatzea, behargin batzuek enpresa modu duinean utzi eta beste batzuek behin betiko postua eskuratzeko.
Ordea, mahai gainean jarritako beste hiru aldarrikapen bete gabe geratu dira; 2014ko behin-behineko langileei kontratu finkoa ematea, behin-behineko kontratu kopurua gehiago mugatzea eta heriotza edo ezgaitasunagatiko bajak behargin finkoekin ordezkatzea.
Berez, ESKrentzat azken hiru puntu horiek ere garrantzitsuak ziren, hasteko, 2014ko behin-behineko langileen egoera oso prekarioa delako.
Bestalde, sindikatuaren ustez, gehiengoak sinatutako akordioak gaitasun handiagoa ematen dio zuzendaritzari behin-behineko beharginak kontratatzeko. Izan ere, langileak ordezkatzeko kontratuak ez dira zenbatuko ekoizpen beharren baldintzen barruan. ESK-k gogor kritikatu du hori, prekarietatea handitzea ekarriko baitu, bere ustez.
Azkenik, sindikatuak iritzi du blokeka egiten ari den negoziazioan enpresa batzordea ez dela exijente izan eta presio neurriak antolatzeko aukera galdu dela, zuzendaritzak eskaerak izan arren.
Edonola ere, ESK-k adierazi du pozten dela finko bilakatuko diren langileengatik baina, osotasunean akordioa ez da nahikoa, bere aburuz.