ARGAZKI KRONIKA

'Munduko emakumeak* eta janak Aiaraldean', kultura anitzen ohituren ispilu

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko aza. 14a, 16:48

'Munduko emakumeen* Aiaraldeko topaketa' egin zuen larunbatean Amurrion Bor-bor feminismo elkarteak. San Anton plazan, 30 lagun inguru elkartu ziren hainbat herrialdeetako emakumeen egoera eta bizipenen inguruan aritzeko.

Kulturartekotasun topaketa antolatu zuen larunbatean Amurrion Bor-bor Aiaraldeko Feminismo elkarteak. Amurrioko San Anton plaza bihurtu zuten topaleku, eta goiz osoko egitaraua prestatu zuten horretarako. 11:00etan jarri zuten hitzordua, eta 'Munduko emakumeen egoera Aiaraldean' izan zen landu zuten lehenbiziko gaia. Horretarako, tertulia formatua aukeratu zuten. Hala, borobilean emakume bakoitzak bere ibilbide eta kezken berri eman zuen; komunean dituzten hainbat afera erdigunera ekarriz. 

Eguerdian, 'Munduko emakumeak eta janak Aiaraldean' proiektua aurkeztu zuten; Amurrio eta Laudioko EPA zentroekin elkarlanean ondutako argitalpena. Bertan, eskualdean bizi diren jatorri anitzetako emakumeek euren esperientziak eta beraien herrialdeetako errezetak partekatu dituzte. Gainera, euskarrian, QR kode bidez, beraien jatorrizko hizkuntzan jarri dute entzungai aipatutako edukia. Amaitzeko, kulturarteko mokadu feminista egin zuten, partaide bakoitzak prestatutako platera partekatuz. Era berean, goiz osoan zehar, kulturarteko jolas ginkana egon zen umeentzat.

Egitasmoa Arabako Foru Aldundiaren Kulturartekotasun diru-laguntzaren babesari esker antolatu du Bor-bor elkarteak. 

Argazkiak: Txabi Alvarado Bañares eta Bor-bor Aiaraldeko Feminismo Elkartea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide