Datorren urtean abiatu nahi dute Saratxoko eguzki parkea eraikitzeko prozesua

Txabi Alvarado Bañares 2022ko aza. 18a, 06:30
Amurrion iragan astean eginiko aurkezpen batean egon zen Euskal Energia Erakundeko presidentea. / Aiaraldea.eus

Europako Funtsetako dirulaguntza batera aurkeztuko dute proiektua, eta espero dute urte amaierarako finantzaketa lortzea.

Aurrera doa Saratxon 3.000 metro karratuko eguzki-parkea eraikitzeko prozesua. Hala adierazi dio Iñigo Ansola Kareagak Aiaraldea Komunikabideari. Euskal Energia Erakundeko zuzendaria Amurrion egon zen iragan azaroaren 10ean, eta bertan egin zituen adierazpenak.  

Ansolaren arabera, Europako Funtsen dirulaguntza deialdi batera aurkeztu zituzten Ekiola egitasmoaren barruan dauden 11 proiektuak, Saratxokoa barne; baina, horietako bostek baino ez zuten finantzaketa lortu. Saratxokoa kanpoan geratu zen, Amurrioko udalerriak deialdian ezarritako gehienezko biztanleria gainditzen duelako. 

Hala ere, Euskal Energia Erakundeko buruak aurreratu zuen atera berri dela bigarren deialdi bat, eta horretara aurkeztuko dutela berriz egitasmoa. Oraingoan espero dute dirulaguntza jasotzea eta, modu horretan, ekimena 2023an abiatu ahal izatea. Ansolaren hitzetan, 650.000-750.000 euro arteko laguntza jasotzea aurreikusi dute. 

Proiektuak aurrera egingo balu, 1.818 plaka fotobolkaiko jarriko lituzkete guztira, eta bertatik lortutako energia norbanakoen etxebizitzak hornitzeko baliatuko litzateke. Bazkidetza kanpaina egingo dute horretarako, etxebizitzak “alokairuan edo jabetzan” dituzten herritarrak proiektura batu daitezen. “Energia gehiago ekoiztuko balitz, tokiko komertzioei ere luzatuko litzaieke batzeko aukera”. Ansolaren hitzetan, ez dute aurreikusten energia hori kanpoko enpresei saltzea. 

30 ingurumen teknikariren kontratazioa

Arestian esan bezala, Amurrion egon ziren iragan astean Euskal Energiaren Erakundeko ordezkariak, Ihobe sozietate publikoko kideekin batera. Tokiko erakundeei bideratutako aurkezpena egin zuten Kultur Etxean, “Erreminta kutxa” aurkezteko. Aiaraldeko hainbat alkate, zinegotzi eta teknikari bertaratu ziren ekitaldira.

Baliabide sorta plazaratu zuten bileran, helburu berarekin: udalei laguntzea klima-aldaketaren, energiaren eta jasangarritasunen esparruei lotutako politikak garatzen. 

Ekimen berri baten berri ere eman zuten: 30 ingurumen-teknikariren kontratazioa sustatuko dute, urtebetez. Praktika-kontratuak egingo dizkiete, eta euren lana garatzeko materialak eman. Lanbiderekin eta Novia Salcedo fundazioarekin elkarlanean garatu dute egitasmoa, Europako Funtsak baliatuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide