San Anton plazan agerraldi bateratua egin dute Otsemeak Neska* Gazte Taldeak eta Amurrioko Emakumeen Sareak, duela aste batzuk herriko udaltzain batek Instagram sare sozialean zabaldutako mezu matxistak deitoratzeko. Amurrioko Udalak udaltzainei formazioa eskainiko diela iragarri arren, gisa horretako eraso matxistak salatzeko beharra azpimarratu du Amurrioko mugimendu feministak.
Oso larritzat jo dute, Udala indarkeria matxistaren aurkako protokolo bat onartzeko bidean dagoen honetan, horrelako mezu matxistak zabaltzen dituzten udaltzainak izatea protokolo horretako pieza nagusietako bat. "Paperetik harago" doazen eta neurri konkretu eta integralak dituzten protokoloak exijitu dituzte. Hori dela eta, mobilizatzen eta antolatzen jarraituko duela aldarrikatu dute Amurrioko eragile feministek.
Bide beretik, datozen azaroaren 25ean Amurrioko Juan Urrutia plazatik aterako den mobilizazioan parte hartzeko gonbita luzatu diete udalerriko emakume guztiei.