Bideo matxista zabaldu zuen udaltzainari berdintasun trebakuntza emango dio Amurrioko Udalak

Aitor Aspuru Saez 2022ko aza. 4a, 15:39

Polemika eragin duen bideoaren irudia.

Horrela erabaki dute gaur Amurrioko alderdiek Berdintasun Mahaian. Alde batetik, iruzkin matxista zuen bideoa zabaldu zuen udaltzainak genero ikuspegiko trebakuntza jasoko du. Bestetik, Amurrioko udaltzain guztiek beste trebakuntza bat izango dute.

Amurrioko Udaleko Berdintasun Mahaiak ez ohiko bilera egin du gaur, Otsemeak Talde Feministak salatutakoa lantzeko. Izan ere, Amurrioko udaltzain batek iruzkin matxista zuen bideoa zabaldu zuen asteburuan sare sozialetan.

Udal Gobernu Taldeak proposamena eraman du batzarrera eta alderdi guztiek ontzat jo dute. Horrela, Amurrioko udaltzainak berdintasunari eta indarkeria matxistaren prebentzioari buruzko prestakuntza espezifikoa egingo du, Berdintasun sailetik lantzen ari den Berdintasun Planaren barruan.

Zehazki, bideoa zabaldu zuen agenteak trebakuntza mota bat jasoko du, baina gainerako poliziek ere izango dute beste mota bateko formazioa.

Gaiari buruz, Txerra Molinuevo alkateak honakoa adierazi du: “Gertaera horiek, udal plantillarekin berdintasunaren eta indarkeria matxistaren prebentzioaren arloko sentsibilizazioan eta prestakuntzan lan egiteko beharrari buruzko gogoeta eginarazten digute, batez ere herritarrekin eta, bereziki, indarkeria matxistaren biktimekin zuzenean aritzen diren langileekin”.

Zehazki, egitasmoak hurrengo helburuak izango ditu:

  • Genero-teoria ulertzen laguntzea eta horretaz jabetzea, horrek gure gizartean dakarren egiturazko banaketa eta horren ondorioak, emakumeen eta gizonen artean zergatik dauden aldeak, eta esleitutako rolak bereizteak eta hierarkizatzeak zeri erantzuten dion ulertzeko.
  • Mugimendu feministaren historiaren eta borrokaren ezagutza eta aitorpena sustatzea, maskulinitate hegemonikoen deseraikuntzan esku hartzeko esparru teoriko gisa.
  • Gaur egungo sisteman gizonek, taldean zein banaka, bizi duten sozializazio-prozesua ezagutaraztea eta identifikatzea, gure gizartean nagusi diren eredu maskulinoen berrikuspen kritikoa egitea, eta beste aldaketa- eta eraldaketa-erreferente batzuk indartzea.
  • Egitura matxista horretatik eratorritako ideien, pentsamenduen, jarreren eta portaeren ordezko aukeren identifikazioa erraztea, eta haren ondorioen dimentsio pertsonala eta taldekoa ebaluatzea.
  • Gizonek berdintasunaren alde egiten duten lanean dauden antolaketarako esperientzia desberdinak ezagutaraztea, eta esperientzia horietarako hurbilketa proposatzea, "ekinean ikasteko" erreferentziazko eredu gisa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide