Urteroko hitzorduari heldu dio aurten ere Amurrioko Mendiko Lagunak Taldeak, eta Mendi Jardunaldien edizio berri bat antolatu du. Iragan azaroaren 18an hasi zituzten konferentziak Itziar Zabala eskalatzailearen inguruko Amagama dokumentalaren proiekzioarekin. Zabala bera gerturatu zen Zaraobe Institutura ikus-entzunezkoak jasotzen dituen nondik norakoak aletzera. Eskalatzailearekin batera Bihotz Gorospe musikaria ere bertaratu zen, eta dokumentalerako espreski ekoiztutako abestia kantatu zuen zuzenean.
Azaroaren 19an Tasio Martin alpinista urduñarra bertaratu zen Zaraobe Institutuko areto nagusira, abuztuan Zanskar inguruan (Indiako Himalaya) egindako espedizioen berri emateko. Mendiko Lagunak taldeak lagundu zuen Martinen espedizioa, "2022ko 'mlbeka' bekari esker. Alpinista gazteak Kataluiniako CTAC teknifikazio taldearekin batera hainbat bide berri zabaldu ditu orain arte inork igo gabeko tontorretara. Horien artean aurkitzen da Marc Torallesekin batera Punta Guillem Aparicio izendatu zuten mendira egindako ‘Txoria-txori’ (740m, 7a+) bidea.
Bi hitzaldi faltan
Oraindik ere badago mendi abenturez gozatzeko tartea. Azaroaren 25ean Raquel Garciak Irango Damavand sumendira egindako bidaiaren dokumentala aurkeztuko du, ohiko ordutegi eta tokian: 19:00etan Zaraobe Institutuko aretoan. Damavand Asiako sumendirik garaiena da 5610 metrorekin, eta igoera erronka fisikoa ez ezik, erronka psikologiko eta morala ere izan zela aitortu du Garciak.
Jardunaldiei itxiera emateko Aymar Navarro freeride eskiatzaileak bere ibilbide profesionalaren mugarriak jasotzen dituen dokumentala aurkeztuko du: “Unda década sin dejar de soñar”. Azaroaren 26an izango da proiekzioa, eta sarrera 2 eurokoa izango da.