Ehunka lagunek abiatu du Babio Igoera Non-stop ekimena

Txabi Alvarado Bañares 2022ko abe. 23a, 22:35

Arratsaldeko seietan abiatu dira lehenbiziko parte hartzaileak, eta une honetan orduro ari da jendea igotzen. Goizean, aldiz, DBH 3. mailako dozenaka ikasle igo dira.

Arrakastatsua izaten ari da Babio Igoera Non-stop ekimenaren aurtengo edizioa. Aurten ohikoan baino lehenago abiatu dute ekimena. Goizeko bederatzietan DBH 3. mailako dozenaka ikasle abiatu dira Babiora, aulki egokituan zihoan pertsona bat laguntzen. 

Ekimenaren hasiera "ofiziala", aldiz, arratsaldean izan da. 18:00etan ehunka lagun bildu dira Juan Urrutia plazan, elkartasun egitasmoari hasiera emateko. Orduan abiatu dute erronkaren ohiko dinamika: orduro antolatuko dituzte irteerak mendi tontorrera, bihar goizera arte. Baina gaua aurreko urteetan baino animatuagoa egongo dela aurreikusi daiteke. Izan ere, antolatzaileek elkartasun txosna jarri dute plazan, eta Akerbeltz erromeriak kontzertua eskaintzeari ekin dio gaueko hamarretan. 

Bihar 10:00etan izango da azken igoera eta, ohikoan bezala, jendetsuena izatea espero da. Babion Olentzero egongo da mendizaleen zain, eta omenaldia egingo diote Luis Padura eskultoreari, bera izan baitzen tontorrean dagoen eskultura egin zuena, duela 50 urte. 

Amurrio Trailek antolatzen du ekimena, Montes Solidariosekin eta Euskal Mendizale Federazioarekin elkarlanean. Aurten, Afaraba elkartera bideratuko dute biltzen dute dirua. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide