300 txirrindulari inguru espero dituzte Jose Mari Basualdo Sariaren II. edizioan

Aitor Aspuru Saez 2023ko urt. 5a, 07:00

Lukene Trujillanok irabazi zuen bere kategorian 2021ean. / Eriz Fraile

Larunbatean izango da ziklokros proba Refor kirol gunean eta kategoria anitzeko txirrindulariek parte hartuko dute.

Jose Mari Basualdo Sari Nagusiaren II. edizioa lehiatuko da larunbatean eta antolatzaileek 300 txirrindulari ingururen parte hartzea espero dute. Izena emateko epea bihar amaituko da eta Espainiako Txirrindularitza Federazioaren webgunean egin daiteke.

09:30etatik aurrera kokatuko dira kirolariak Reforreko ibilbideko irteeran eta gizonezkoen Master 40-50-60 kategoriekin hasiko dira. Gero, 10:30ean, gizonezko eta emakumezko kadeteen ordua helduko da. 11:15ean eskola kirolariek izango dute protagonismoa eta 12:30ean gizonezkoen juniorrek eta emakumezko elite, sub-23, junior eta masterrek. Azkenik, 13:30ean gizonezkoen elite, sub-23 eta Master 30 kategoriakoak arituko dira.

Tokikoen garaipenak iaz

2021eko abenduan egin zen aurreko Jose Mari Basualdo Sari Nagusia eta tokiko kirolariek eman zuten zeresana. Lukene Trujillanok junior kategorian irabazi zuen eta Hodei Muñozek kadeteen artean. Horrez gain, Iñaki Guarestik, Asier Berazak eta Iñigo Uriak ere zapaldu zuten podiuma.

Jose Mari Basualdo

Luiaondoko txirrindulariak ziklokrosean egin zituen bere lasterketa onenak, munduko bigarren sailkatu baitzen. Baina errepideko txirrindulari profesionala ere izan zen. Ibilbide oso gorabeheratsua izan zuen, lesioen zein politika frankistaren ondorioz (zerbitzu militarrak bere jarduera eten zuen, berak azaldu zuen moduan). Edonola ere, palmares garrantzitsua lortu zuen. 

Basualdok 3 aldiz irabazi zuen Espainiako Ziklokros txapelketa (1972an, 1973an eta 1976an) eta Munduko Txapelketan 2. postua eskuratu zuen 1970ean eta 5. izan zen 1972an. Gainera, KAS talde profesionaleko txirrindularia izan zen 1971etik 1976ra bitartean. Orotara 80 lasterketa inguru irabazi zituen bere bizitzan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide