Diana Ibargutxi sexologo eta psikologoak sexu trebakuntza eta aholkularitza zerbitzua eskainiko du Amurrion, Udalaren bitartez. Gazteria Arloak bideratutako egitasmoa da eta bi ardatz izango ditu.
Alde batetik, bi orduko bi saio presentzial prestatuko ditu Ibargutxik urtarrilaren 20an eta 27an, Kultura Etxean, 18:00etan. Parte hartzeko izena eman beharra dago gazteria@amurrio.org helbide elektronikoan edo 621 291 957 telefono zenbakian, urtarrilaren 18a baino lehen.
Adituak parte hartzaileen adinaren arabera egokituko ditu edukiak, baina, batez ere gorputzean, harremanetan, plazerean, identitateetan, adierazpenean, sexualitatean eta mitoak apurtzean zentratuko ditu edukiak. Horrez gain, gazteek galderak egiteko aukera izango dute.
Behin ekintza horiek amaituta, Laudioko adituak bere telefonoa zabalduko du nahi duenak zalantzak argitzeko erabil dezan, bai dei bidez zein Whatsapp mezuak baliatuta. Zehazki, ostiraletan emango du aukera hori 18:00etatik 20:00ak bitarte, Aste Santura arte.