DIANA IBARGUTXI ABARRATEGI

“Erraldoien aurkako borroka da sexu heziketarena, mito guztiak oso barneratuta daude”

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko ots. 14a, 07:00

Psikologian eta sexologian aditua da Diana Ibargutxi laudioarra. / Aiaraldea.eus

DIANA IBARGUTXI ABARRATEGI (Laudio, 1983) sexologian eta psikologian aditua da. Sexu heziketa eskolak gidatzen ditu haur, heldu eta edadetuekin. Egungo arazoak, erresistentziak eta aukerak aletu ditu ikuspegi feministatik.

Zer da sexu heziketa gaur egun? Zer izan beharko litzateke?

Zoritxarrez, zeharkako gaitzat hartzen da. Lehen Hezkuntzako 3.zikloetan, DBH eta Batxilergoan lantzen da batzuetan, baina nire ustez, hezkuntza Currikulumean egon beharreko gaia da. Ez da nahikoa  4-10 orduko saioak eskaintzea, mezu asko baitaude gizartean deseraiki behar direnak. Horrekin eraikitzen badugu sexu heziketa jendartean, txarto goaz. Sexualitatea hitzarekin ideia jauzia eginez gero geletan, ikasleen erantzuna oso genitalizatua eta praktikan oinarritutakoa da; oso heteroa eta normatiboa. 10 urterekin bortxaketak, pornografia, prostituzioa... bezalako hitzak atera ohi dira.

“Sexualitatea ez da hanken artean duguna, edo gorputzetik egiten duguna; bakoitza nor den baizik”

Benetan zer da? Norbera eta besteak ezagutu zein onartzeko modu bat da sexu heziketa. Sexu heziketa jaso izan dugunoi, beti beldur, mamu edo prebentziotik heldu zaigu: haurdunaldia, indarkeria, hilerokoa... Egun, aldiz, lotsa, beldurra eta nazka nagusitzen dira gazteekin. Esaterako, aluak azaltzerakoan neskek askotan maskarilla begietara eramaten dute.

Nire helburua beti da ikuspegia zabaltzea. Sexualitatea ez da hanken artean duguna, edo gorputzetik egiten duguna; bakoitza nor den baizik. Biografia horretan bakoitza nor garen aurkitzen joan behar gara, bakoitza era errepikaezinean ezagutzen, onartzen eta adierazten.

Norbere biografian -eta jendartean- sexualitatearen ikasgaia pendiente dago, hortaz?

Zer da sexua? Bakoitza garena, eta sentitzen dena. Askotan gazteek ugalketarekin lotzen dute. Sexualitatea noiztik dugun galdetuta, gazteek hilerokoa edo semena fokalizatzen dute, ugalketa. Sexualitatea gorputz guztian dugu, eta azala da gure organorik handiena plazerari dagokionez. Horregatik, beti saiatzen naiz ikuspegia zabaltzen: familia aniztasunena, gorputzena eta edertasun kanonena.... Mito eta erresistentzia asko daude deseraikitzeko. Adibidez, mitoen eraikuntza telebistari begira prestatzen dut: La isla de las tentaciones piztuta pozoi guztia daukazu lantzeko ontzi txiki batean; heteroaraua, jeloskortasuna eredu moduan, kontrola... 

Neska heteroek askotan diote mutil jeloskorrak nahi dituztela, ‘horrela maite nautela demostratuko dutelako eta nigatik borrokatuko duelako’. Ondorioz, mutilentzako ere geroz eta txikiagoa da kaiola; eta erresistentzia pila bat dituzte, eta askotan ez dute ezer jakin nahi, gatazka ikusten baitute.

 Nolako errealitateak ikusten dira jendartean, eta belaunaldi berriengan?

Orain antisistema izatea, mugimendu ultraeskuindarrak aldarrikatzea dela dirudi. Errealitatearekin topo egitea oso gogorra da, iaz negarrez ateratzen nintzen klaseetatik. Erraldoien aurkako borroka da sexu heziketarena. Sare sozialetan dena dago klik batean, baina kudeatu gabeko informazioa da. Adibidez, pornoa. Mito guztiak oso barneratuta daude. Mutil gazte batek behin hau esan zidan: 'Aurrekoan neska batekin egon nintzen eta listua bota nion aurpegira gero. Zaplazteko bat eman zidan... baina hori ez al zitzaizuen gustatzen neskei?'. Galdetu diozu? Erantzun nion... Harremanetan 3 arau daude: komunikazioa, errespetua eta adostasuna. Beste era batera esanda, komunikatu egin behar gara, adosten duguna errespetatzeko. Eta zeren bidez? Gorputzak, plazerak eta desirak (beti pluralean, aniztasuna aldarrikatzeko). Eskema hori adostuta badago, ez dago arazorik.

"Harremanetan 3 arau daude: komunikazioa, errespetua eta adostasuna. Beste era batera esanda, komunikatu egin behar gara, adosten duguna errespetatzeko"

Sexualitate estereotipatua da nagusi, beraz...

Sexualitate oso estereotipatuaz hitz egiten dute gazteen artean: lehen aldiak, himena... Galdera anonimoak jasotzen ditut saioetan, eta jendea oso galduta ikusten dut. Informazio asko dago, baina nork kudeatzen du? Gazteengana euren erregistroekin joan behar duzu, eta erroetara jo, deseraikitzeko. 'Orain jendea bisexuala da, modan dagoelako' ere entzun izan dut. Instagramen eta sare sozialetan, onartuak eta babestuak izateko edozer egiteko prest daude gazteak. Sexu heziketaren barruan autoestimua ere asko indartu behar da. Finean, arreta ipini behar da.

Askotan, irakasleak eduki bila ibiltzen dira... baina sinpleagoa da: nola harremantzen gara gure buruarekin, eta besteekin? Oso zaurgarriak gara adin horretan. Esaterako, 'Aniztasuna edertasunean' powerpointean gorputz lodiak jartzen ditut, eta politak diren galdetzen dudanean ezetz diote. Ez dira ohartzen, ordea, oso baldintzatuta daudela. Gazteek uste dute identitatea, orientazioa... erabaki egiten dutela; baina ez da hala, eta arriskutsua da pentsatzea eta sinestea askeak garela horretan ere.

Klik batean sexu heziketarako baliabide asko daude eskura. Hori zer da, mesedegarria ala erresistentziak areagotzen ditu?

Mesedegarria izan daiteke, informazio hori kudeatzen bada. Ez dago baliabide txarrik, erabilera txarra baizik. Nik guraso saioetan askotan esaten diet alaba-semeei galdetzeko  edo hari horietatik tiratzeko: Zer pentsatzen duzu? Zer iruditzen zaizu?... Bestela, ikusten dutena egi moduan barneratzen dute.

Zein ekarpen egin dezakete heziketan bidelagun diren senide edo lagunek? 

Ezinezkoa da sexu heziketarik ez egitea. Ekografian genitala zehazten dutenean makinaria guztia hasten da martxan. Isiltasunarekin ere berdin: ez badugu gaia lantzen isiltasunak tabua edo deserosotasuna sendotzen du... Eta, orduan, umeak ez du zugana joko: badaki gai horretan -edo bere buruarengan- zerbait txarto dagoela. Nola eragin orduan? Jantzien bidez, jostailuekin, begiradekin... Denaren bidez egiten da sexu heziketa. Eredu garen heinean, denbora guztian egiten dugu sexu heziketa.

Plazera eta desira askotan lotzen dira gure buruetan. Sexu harremana eta botere harremana ez.

Nik desirak eta fantasiak bereiziko nituzke. Fantasiak agian ez dira desira bilakatzen errealitatean gero. Ezetza eta baietza txikitu egin behar dira: ez, baina zer ez? Ez momentu honetan... Ez ditugu baietzean hezten umeak, gazteak ez helduak. Ezetzean geratu gara, mugetan, aukerak zabaldu ordez.
Desiratzen duzunak plazera eragin diezazuke, baina gerta daiteke ezetz ere. Eta, horrek, frustrazioa sortzen du. Fantasiak eta desirak beti dira pluralak (eta anitzak).

"Ezetza eta baietza txikitu egin behar dira: ez, baina zer ez? Ez momentu honetan... Ez ditugu baietzean hezten umeak, gazteak ez helduak. Ezetzean geratu gara, mugetan, aukerak zabaldu ordez"

Soy ordinaria bideoa oso ondo dago hori identifikatzeko (bortxaketa bat da, baina asko kostatzen zaie ikustea bikote heteroa izanik indarkeria dela ohartzea). Ez badira betetzen komunikazioa, errespetua eta adostasuna ez da sexu harremana, botere-harremana baizik. Sexu heziketa zerbitzu integrala izan behar da, irakasleekin, ikasleekin eta familiekin landu behar dena.

 Familia testuinguruan, zergatik dago hainbeste tabu?

Askotan pentsatzen dute, sexualitateari buruz aritzean, kamasutra azalduko dugula. 40-45 urteko jendea oso gaizki dago, zentzu horretan. 'Nire umeak ez du pornoa ikusten, oso infantila da', hori da betiko esaldia. Mitoak eta erresistentziak asko dira: sexualitatea genitalekin egiten duguna dela, heteroaraua (estereotipoetan oinarritzen dute identitatea, sexu orientazioa... ), gorputz mota batzuk bakarrik eskura dezaketela plazera... Dena da oso bitarra, eta binarismo hori apurtu behar da. Eta erresistentziak, beste hainbeste.

Zergatik ditugu horrenbeste erresistentzia, bada?

Nik beti pentsatzen dut ez dugula antzeztu behar: sexuaren inguruan naturaltasunez hitz egin eta jokatu behar da, baina bakoitzak bere naturaltasuna du, eta horretarako bakoitzak bere zauriak edo hutsuneak ezagutu behar ditu. 

Oinarrian zu zaren pertsona dago, eta horrekin borrokatzea zaila da, zure barneko gatazkan sartzen baitzara. Familien kasuan, adibidez, beldur asko nabaritzen dut: pandoraren kutxa zabalduko dutela uste dute.

"Sexuaren inguruan naturaltasunez hitz egin eta jokatu behar da, baina bakoitzak bere naturaltasuna du, eta horretarako bakoitzak bere zauriak edo hutsuneak ezagutu behar ditu"

Beldurrez bizi dute sexua familiek?

Umeek eta gazteek, sexualitateari buruzko informazioa berez eskuratzen dute. Guraso batzuek, adituengana jotzeko joera dute: sexologo edo psikologora. Ondo dago delegatzea, baina komunitate gisa denok gara eragile eta eredu. Orokorrean, gazteek diote etxean edota bizikideekin ez dutela sexuaz hitz egiten.

Helduek ere sexu heziketa lantzeko premia dugu, beraz.

Bai, helduek ez dakite zer den sexu heziketa. Irakasleekin, esaterako, formakuntzak egiten ditudanean, euren helburua umeak ikasgelan zelan egon diren jakitea izaten da. Bakoitzaren sexualitatearekiko posizioaren jabe izatea garrantzitsua da haurrak lagundu ahal izateko. Familiekin, aldiz, desberdina da: sexualitatean zer landuko duten badakite, eta sexu heziketa murritza jaso izana aitortzen dute, prebentzioa soilik.Aniztasun funtzionala duten familien kasuan bestelakoa da egoera, baita beldurra ere. Eta, hein batean, ulergarria da.

Aniztasun funtzionala duten emakumeen jarrera bestelakoa dela diozu. Zer ba?

Antisorgailuak dituzte guztiek aldean, eta ez dakite zergatik, inork ez dielako azaldu. Niri, behin, emakume batek horrela esan zidan: "hau ni haurdun ez geratzeko da". Non geratzen da bere erabakia? Kasu hauetan badira beldurrak –bortxaketak ere egon izan dira-, baina erabakiak eurek ere hartu ditzakete, eta ez zaie uzten. Beste behin, hilerokoa etorri zitzaion neska bati, eta oso oldarkor jarri zen ez zuelako ulertzen odoletan egonik zergatik ez zihoan ospitalera.

Zer egin daiteke kasu horietan heziketa askatzailea errazteko?

Azalpenak beharrezkoak dira: baliabide eta informazio gehiago behar dituzte euren desirak ulertzeko. Beste mito bat beti sexualki aktibo daudenarena da…

Gogorra da egunerokoan hezitzaile gisa hori dena ikustea. Pertsona batzuk, beste gorputz baten laguntza behar dute plazera sentitzeko, beste esku bat. Suitzan, adibidez, legezkoa da sexu asistentzia (hemen alegala da). 

Zentzu horretan, oso ona da Yes we fuck dokumentala. Sexu heziketa egiteko 3 jarrera daude: debekatzailea, baimentzailea eta hazkunde jarrera. Egun, jarrera debekatzailetik beste muturrera pasa gara. Denak ez du balio. Esperientzia guztiak ez dira izan behar zoriontsu izateko. Askotan, jendeak arazoak ikusten ditu ez dauden tokian.

"Umeek joko erotikoak ere egiten dituzte, gauzak frogatu nahi dituzte: denok egin ditugu norbera onartu eta ezagutzeko jolasak"

Presioarekin bizi da sexu heziketa, oro har?

Baldintzatua badago, eta ikuspegia murriztailea bada, bai. Ezagutu, onartu eta adieraziz gero, ez. Kasu horietan presioa jaisten da, baina askotan ostrukarena egiten da; edota zerbait gertatzen denean soilik esku hartu (eta horrelakoetan, gehienetan, prebentziotik). Sexu heziketa onuraduna egiten bada, ez da horretara mugatu behar. Gela guztietan galdetzen didate: "Eta erakutsiko diguzu kondoia jartzen?". Sexualitatearen bizkarrezurra ez da sexua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide