Iñaki Bea Jauregi futbolari eta entrenatzaileak jasoko du Urrezko Guk Saria

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urt. 26a, 18:33

Jokalari, entrenatzaile zein hautatzaile gisa aritu da Iñaki Bea Jauregi. / Amurrioko Udala

Martxoaren 18an egingo da saria emateko ekitaldia, Amurrio Antzokian. 

Iñaki Bea Jauregi futbolari ohi eta entrenatzaileak jasoko du Urrezko Guk Saria, “Kirol Espirituaren Saria” kategorian. Modu horretan, amurrioarrak futboleko profesional gisa eginiko ibilbidea goraipatuko dute, “bai jokalari, bai entrenatzaile gisa, bi postuetan arrakastak lortu eta kirolak gizarteari ematen dizkion balioak indartzen lagundu duelako”.

Hala jakinarazi du Amurrioko Udalak prentsa ohar baten bidez. Tokiko erakundeak aurreratu duenez, martxoaren 18an egingo dute saria emateko ekitaldia, Amurrio Antzokian.  

Ibilbide bikoitz oparoa

Udalak nabarmendu du Beak ibilbide oparoa egin duela futbolaren bi esparruetan. Jokalari gisa CD Laudio, CD Amorebieta, Amurrio Club eta CF Ciudad de Murciatik igaro zen. Lorca Deportiva CFn sartu zen gero, eta bigarren mailara igotzeko aukera izan zuen talde horrekin. “2007-2008 denboraldian lehen mailan debutatu zuen Valladolid taldearekin eta taldeko entrenatzailea zen Jose Luis Mendilibarren eskutik”, azaldu du tokiko erakundeak, “Denboraldi bat lehenago, talde horrek konfiantza jarri zuen berarengan Espainiako futbolaren maila gorenera igotzeko. 2009ko uztailean Real Murtziara iritsi zen bi denboraldirako fitxatuz. 2010ean, klubarekin zuen kontratua eten ondoren, Bundesligara igo berria zen Wacker Innsbruck talde austriarrean sartu zen. Austrian bi denboraldi bikain jokatu zituen Tiroleko talde historikoarekin, mailari eusteko hasierako helburua lortuz”.

Ondoren ekin zion entrenatzaile gisa lan egiteari. UD Levanteko eta SD Eibarreko bigarren entrenatzailea izan zen Jose Luis Mendilibarrekin, lehen mailan. “AFE Selekzioarekin debutatu zuen Korantina Homes Cup 2021 txapelketan, eta irabazi egin zuen”, nabarmendu du Udalak. Hautatzaile izatera pasa zen gero, Dominikar Errepublikako futbol selekzioan. “Dominikar Errepublikako selekzio nazionalen arduradun gisa, 2023ko maiatzean Indonesian jokatuko den 20 urtez azpiko Munduko Txapelketarako eta 2024an Parisen izango diren Joko Olinpikoetarako sailkapen historikoa lortu du. 2022ko azaroaren 11n, Soriako Lehen Federazio mailan ari den Club Deportivo Numanciako entrenatzaile aukeratu zuten”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide