Chock Dee borroka kirol klubak erronka handia izango du otsailaren 11ko asteburuan. Izan ere, Amets Domínguez, Azkain Menoyo, Aratz Casado, Valentín Shparkyi, Eder Gómez eta Aritz Gabiña kideek izena eman dute Laredoko Openean.
Ibai Ruiz klubeko arduradunaren ustez, aurtengo borrokalariak dira azken urteetan izan dituen indartsuenak, eta espero du hori aprobetxatzea eta islatzea Kantabrian lortuko dituzten emaitzetan. Kide batzuek jadanik eskarmentu handia daukate, nahiz eta oso gazteak izan.
Bestalde, Ruizek berak Kroaziara joko du asteburu horretan, Karlovac European Cup txapelketan borrokatzeko. Amurrioko kirolariak adierazi du lehiaketa horretan munduko borrokalari onenetako batzuek parte hartuko dutela.
Europako herrialde horretara bidaiatzeko laguntza ekonomikoa jaso du amurrioarrak eta babesle guztiei eskertu nahi izan die egindako ekarpena: Coplasva, Evanisteria Frontón, Aiarako Farmazia, Bar Aguirre, Bar Llarena, Bar Gernika, Serigrafías Iorgi eta Strong.